Bilboko Udalak kulturarteko ibilbide gidatuak egingo ditu 2024ko urtarriletik ekainera uriko ikasleentzat, Bilbo Kulturarteko Hiria III. Planaren barruan dagoen eta KoopSF34 erakundeak sustatzen duen "Diversitours-Aniztasuna Tours" hezkuntza-programaren barruan. Ekimen honek Bilboko kultura-aberastasuna eta -aniztasuna erakustea du helburu.

Hala, uriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. mailatik DBHko 4. mailara bitarteko ikasleek kulturarteko bisita gidatuak egin ahal izango dituzte auzotarren euren eskutik. Gidariek beren komunitateen historia erakutsiko diete ikasleei, Bilboko auzoetako adierazpen sozial, ekonomiko eta kulturalen aniztasunaren bitartez. Bilbon bizi diren pertsona horien esperientziari esker, ikasleek migrazioen historia eta kulturen arteko bizikidetza ikasi ahal izango dituzte auzoetan –Bilbo Zaharrean, San Frantziskon edo Zabalan, besteak beste–.

"Diversitours-Aniztasuna Tours" kulturarteko hezkuntza-programan parte hartu nahi duten ikastetxeek telefonoz lotu ahal izango dituzte bisitak (641 273 297 eta 692 223 326), edo mezu elektroniko bat bidali ahalko dute. Udalak ezarritakoaren arabera, ikastetxe bakoitzak bi bisita egin ahal izango ditu, parte-hartze orekatua eta askotarikoa bermatzeko uriko ikastetxe guztien artean.

KULTURARTEKO BIZIKIDETZAREN ALDEKO APUSTUA

Azken urteotan, Bilboko Udala lanean ari da berariaz aitortzeko migratzaileek uriaren hazkundeari eta garapen jasangarriari egiten dioten ekarpen positiboa. Ildo horretan, zenbait ekimen antolatzen ari da Bilbo Kulturarteko III. Planaren barruan, hala nola "Diversitours-Aniztasuna Tours" hezkuntza-programa, Zurrumurruen aurkako EstrategiaUdaleko Immigrazio Kontseilua eta Erlijio Aniztasunaren Partaidetzarako Mahaia.

Hain zuzen, 2023an, Bilbo saritu dute Diversitours ekimenari esker Eurocities 2023 sarietan, "Giza mugikortasun globaletik tokiko komunitatearen kohesiora" kategorian. Gainera, Bizkaiko hiriburuak Estatuko eta Europako sareetan parte hartzen du, hala nola Europako Kontseiluaren Kulturarteko Hirien Europako SareanKulturarteko Hirien Estatuko Sarean (RECI), Europako Kontseiluaren kulturarteko integrazioari buruzko Adituen Batzordean (ADI-INT) eta Eurocities-en Migrazioaren eta Integrazioaren inguruko Lantaldean.