Bermeok bizikleta-aparkalekua estreinatu du Udal Azokan
33 bizikleta sartzen dira eta sarbideak kontrolatzeko sistema bat dauka
Bizkaiak beste urrats bat eman du mugikortasun jasangarrirako bidean. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bermeoko Udalak duela urtebete inguru BiziPark bizikleta-aparkaleku segurua instalatzeko sinatu zuten hitzarmena errealitate bihurtu da. Sonia Pérez Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko foru-diputatuak eta Nadia Nemeh Shomaly herriko alkateak Udal Azokan kokatutako ekipamendu berri hau inauguratu dute, 33 bizikleta hartzen dituena.
BiziPark sarea Bizkaiko Foru Aldundia hainbat udalerritan bultzatzen ari den zerbitzu bat da, bizikleta erabiliz tokiko mugikortasun jasangarria sustatzeko. Proiektu hori kostaldeko udalerri honetan gauzatzeko, foru-erakundeak hitzarmen bat sinatu zuen Udalarekin, eta 60.000 euro bideratu zituen egokitzapen-lanetara. Udalak espazioa laga du, proiektua gauzatu du, eta hura kudeatzeaz eta mantentzeaz ere arduratuko da kontratua indarrean egongo den lau urteetan.
«Bizikletaren erabilerak ingurumenari mesede egiteaz gain, bizimodu aktiboagoa eta osasungarriagoa sustatzen du. Era berean, bizikleta gizarteratzeko tresna bat ere bada, eta garraio-aukera eskuragarria eta irisgarria ematen die pertsona guztiei. Ezinbestekoa da bermeotarrek beren bizikletak gordetzeko leku seguru bat izatea, hartara, erosotasun eta lasaitasun handiagoa izan dezaten» adierazi du Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk.
BiziPark - Bermeo berriak Bizkaiko Foru Aldundia sustatzen ari den bizikleta-aparkaleku seguruen sarearen ezaugarri diren elementu guztiak ditu. Sarbideak kontrolatzeko sistema bat dauka, lokalean erabiltzaileak soilik sartzea bermatzen duena. Gainera, suaren kontrako segurtasuneko zortzi armairu instalatu dira gutxienez, elektrizitate-hartune indibidualekin, etengabeko argiztapenarekin eta Udaltzaingoaren segurtasun-zerbitzuarekin konektatutako kameren bidezko zaintza-sistemarekin.
Aparkalekua eguneko 24 orduetan egongo da irekita, urteko 365 egunetan, eta iraupen desberdineko bonuak eskainiko dira: hilabete 1ekoa (4 euro), 3 hilabetekoa (10 euro), 6 hilabetekoa (20 euro) eta urte 1ekoa (40 euro).
Erabiltzaile bakoitzak plaza bakarra erabili ahal izango du, eta 8 kutxa gotor tenporizatu izango ditu eskura, segurtasun-itxituraz eta bateriak kargatzeko konexio elektrikoz hornituak, bai eta armairuak ere, gehienez ere 12 orduz jarraian erabili ahal izango dituenak. Era berean, BiziPark-aren kanpoaldean erabilera libreko BiziPuntu bat jarri da, konponketa txikietarako tresneriarekin eta zutabe berean integratutako puzte-kitarekin.