2024rako Getxoko Aurrekontu Orokorraren Proiektua 129.399,234 milioi eurokoa da (+% 7,52 aurtengoarekin alderatuta), eta onartu da hasieran eta ezohiko osoko bilkuran, Udal Gobernuaren (EAJ/PNV eta PSE-EE) aldeko botoekin, PPren abstentzioarekin eta EH-Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aurkako botoekin. Hain zuzen ere PP alderdiaren abstentzioak, Gobernuak eta alderdi horrek hiru taldeen artean adostutako ekintza jakin batzuk aurrera eramateko akordioa lortu ondoren, aurrekontua onartzea erraztu du; adostu dituzten gaien artean tasak eta zergak ez igotzea dago eta horri esker inbertsioen zifra aurtengo aurrekontukoa baino % 33 handiagoa izango da, 13,4 milioi eurora heldu arte.
Inbertsio horien artean udalaren eraldaketa digitalerako esleitu diren 3 milioi euro inguruak nabarmentzen dira (hainbat urtetan banatuta 2027ra arte); 5,5 milioi euro Las Mercedes kalean aparkaleku berria eraikitzeko (munta hau ere aipatu diren urte horietan banatuko dira); 2,2 milioi euro Etxebizitzarako; 40.000 euro Erromon Haur Eskola berri bat egiteko proiektua idazteko; 800.000 € Areetako Andrés Isasi Musika Eskola entseguetarako eta herritarrek erabiltzeko eraberritzeko eta egokitzeko; 381.000 € Algortako Ludoteka berri baterako; 600.000 € Bidezabaleko arrapalak berritzeko; Bolueko belar artifizialeko zelaiak berritzeko zenbatekoa (zati bat 2023ko aurrekontuarekin eta beste bat 2024koarekin); 623.200 € eskola publikoak mantentzeko, edo 863.000 € Punta Begoña galeriak lehengoratzeko inbertsioak egiteko.