Kutxabank Gestionek NBEren mendeko Inbertsio Arduratsurako Printzipioen (IAP) erakundearen aintzatespen gorena jaso du, inbertsio arduratsuaren bere estrategia eta gobernantzagatik, 10 puntutik 9,5eko nota lortu baitu. Jasangarritasun-irizpideekin kudeatutako funts edo fondoen bolumenaren arabera hirugarren erakunde kudeatzaileak leku nabarmena du horrela inbertsio sozialki arduratsuaren munduan.

Nazioarteko erakundeak bikaintzat jo du erakunde kudeatzaileak bere inbertsio-eredu arduratsua garatzeko erabiltzen duen esparru osoa. Besteak beste, honako hauek ebaluatu dira: erakundeak jasangarritasunarekin duen konpromisoa, hura garatzeko zehaztutako politikak eta prozedurak, gauzatzeko ezarritako estrategia, eta sozialki arduratsua den inbertsioaren gobernantza-sistema osoaren sendotasuna. Kutxabank Gestionek ez du kalifikazio gorena lortu kontzeptu-esparruan bakarrik. Inbertsio arduratsuaren ereduaren inplementazio praktikoa ere bikain gisa nabarmendu du IAPek, errenta finkoaren eta errenta aldakorraren zuzeneko kudeaketan 10etik 9,6ko puntuazioarekin. IAPek erakundearen inbertsio-eredu arduratsuaren sendotasuna egiaztatu du, 3 zutabetan oinarritzen delarik: bazterketa, inbertsiounibertsoa zehazteko lehen urrats gisa; integrazioa, ingurumen-faktoreak, faktore sozialak eta gobernu onekoak ekonomia-izaera duten beste faktore batzuen maila berean aztertzen dituzten inbertsio-zorroak eraikitzeko; eta inplikazioa: horren bidez etengabeko elkarrizketa ezartzen da inbertsioaren xede diren enpresekin, beraien ekintzak jasangarritasunaren aldekoak izan daitezen.

Joseba Orueta Kutxabank Gestioneko kontseilari delegatuak azaldu duenez, “gure integrazio-ereduarekin aldaketa barrutik sustatzea da helburua. Horretarako, best in class metodologia aplikatzen dugu, eta jasangarritasunari dagokionez jardun onena erakusten ari diren enpresetan bultzatzen dugu inbertsioa. Helburua da sektore bakoitzeko gainerako enpresek, jardunbide onenak dituztenek merkatuaren konfiantza jasotzen dutela ikusita, beren ekintzak norabide berean gidatzea”.