Síguenos en redes sociales:

Ezkerraldetik Gurutzetara joateko bide berria abenduaren 21ean irekiko da

Landare-hesi akustikoa ipini da gertu dauden etxebizitzetan daukan eragin akustikoa murrizteko

Ezkerraldetik Gurutzetara joateko bide berria abenduaren 21ean irekiko daBizkaiko Foru Aldundia

Urtebete inguru lanean eman eta 3,9 milioi euro inbertitu ondoren abenduaren 21ean Ezkerraldeko herritarrek zuzeneko sarbide berria edukiko dute Gurutzetako ospitalera joateko. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatu Imanol Pradalesek esan duen bezala, bide berriak eskualde horrekin eduki dugun zor historikoa kitatzen du, eta horren onura Ezkerraldeko eta Meatzaldeko 175.000 pertsonak jasoko dute, bai eta barakaldotarrek ere.

"Gurutzetako ospitaleko zuzeneko sarbideak Ezkerraldeko eta Meatzaldeko 175.000 herritarren eskaera historikoa aseko du, eta ospitaleko eta larrialdi-zerbitzuetako langileen lana erraztuko du. Orain arte, zuzeneko biderik ez zegoenez, ospitaleko joan-etorriak luzeagoak ziren eta ibilgailuz goraka dauden errepideetatik egin behar ziren, eta ondorioz denbora asko ematen zen eta istripu-arrisku handia zegoen. Eta denbora oso garrantzitsua da larrialdietan. Beraz, oraindik aurrera sarbide berriari esker larrialdiei erantzun azkarragoa eta eraginkorragoa emango zaie", azaldu du diputatuak.

Sarbide berriak BI-10 eta N-634 errepideak lotzen ditu: BI-10 errepidean irteera-adar berria dago N-634 errepiderako, eta biribilgune batek adar hori N-634 errepidearekin eta egun N-634 errepidetik BI-10 errepidera sartzeko adarra lotzen ditu. Gainera, abenduaren 20tik (asteazkena) oinezkoen pasabide berria egongo da sarbide berria gainetik zeharkatzeko. Beraz, ez da egongo maila bereko zebra-bidea erabili beharrik eta horri esker arriskua txikituko da.

Gainera, landare-hesi akustikoa ipini da pasabiderainoko tartean, oraingo BI-10 errepideak gertu dauden etxebizitzetan daukan eragin akustikoa murrizteko. Beste alde batetik, BI-10 errepidean obrak ukitutako eremu guztian zorua ere hobetu da, defentsak, seinaleak eta kartelak berritu, LED motako argiekin argiteria eraberritu, telematika eta drainatzeko sistemak lehengoratu eta ukitutako zerbitzuak berreskuratzeaz gain.

Orobat, neurri osagarri modura, BI-30 errepidean, Bilborako noranzkoan, Gurutzeta auzoaren parean, txirikorda bat diseinatu da Arrontegirantz egiteko N-634 errepidetik. Horrela, joan-etorriak laburtuko dira eta ibilgailuak ez dira pasatu beharko Gurutzetatik. "Bide berriak asko laburtuko ditu joan-etorriak eta, horrez gainera, segurtasuna hobetuko du, batez ere larrialdiko ibilgailuetan dabiltzanena. Gainera, hainbat gauza hobetu dira (esaterako, BI-30 errepideko txirikorda) eta hobekuntza guztiei esker trafikoa asko arinduko da Gurutzetako erdigunean", amaitu du Pradalesek.