Barakaldoko Udalak irisgarritasun unibertsalaren pertzepzioari buruzko inkesta abian jarri du
Herritarren parte-hartzearen bidez guztiontzako hiria sortzea da bere helburua
Barakaldoko Udalak Irisgarritasun Unibertsalaren Udal Plan Integralaren prestaketan parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak, inkesta hau, abenduaren 18tik, martxoaren 17ra bitartean betez. Joan den abenduaren 1ean hasi zen Barakaldo proiektu hau lantzen, herritarren parte-hartzearen bidez guztiontzako hiria sortzeko helburuarekin.
Barakaldoko Udala Irisgarritasun Unibertsaleko Plan bat egiten ari da herrirako, eta, hori garatzeko, herritarrek eguneroko lanean duten iritzia, ikuspegia eta esperientzia izatea gustatuko litzaioke. Horretarako, inkesta bat egin da, eta gaur bertan jarriko da Barakaldoko bizilagunen eskura. Iritzi horiekin, diagnostiko bat egingo da, Barakaldo erabat irisgarria lortzeko Udalak garatu beharreko ekintzak zehazteko.
Amaia del Camporen taldeak herritarren parte-hartzearen aldeko apustua egin du proiektu hau lantzeko, barakaldarrentzako proiektu eraldatzaile gisa sortu baita. Inkestaren helburua da herritarrek udalerriko hainbat ingurune eta zerbitzuk irisgarritasun unibertsalari buruz duten pertzepzioa ezagutzea. Inkestan, besteak beste, garraioaren, bideen, espazio eta eraikin publikoen, komunikazioaren, udal-izapideen eta seinaleztapenaren irisgarritasunari buruzko iritzia emateko aukera ematen da. Gainera, pertsona bakoitzak herriko irisgarritasunari buruz nabarmendu nahi dituen gaiei buruzko iruzkin gehigarriak egin daitezke. Datuak modu anonimoan bildu eta tratatuko dira.
INKESTARAKO SARBIDEA
Inkesta gaurtik, abenduaren 18tik, martxoaren 17ra egongo da eskuragarri, eta euskarazko eta gaztelaniazko online eta paperezko bertsioan parte hartu ahal izango da. Bertsio digitala Barakaldoko Udalaren webgunean eta App mugikorrean aurkitu ahal izango da, eta doan deskargatu ahal izango da.