Bilboko Udalak dispositibo zabalak prestatu ditu San Tomas eguneko azoka dela-eta. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak, biek, zainduko dute jai-esparrua, oinezko patruilen eta uniformerik gabeko agente gehiagorekin; horrela, herritarren eskariei eta suertatu litezkeen gorabeherei berehala erantzuteko moduan egongo dira.

190 lagun baino gehiago arituko dira garbiketa lanetan eta hondakinak batzen ostegun osoan zehar eta ostiraleko goizeko txandan; 386 edukiontzi jarriko dira, era bateko eta besteko neurritakoak, era bateko eta besteko hondakinetarako. Osasun eta Kontsumo Saileko teknikariek eta ikuskatzaileek elikagaien banaketa eta salmenta-puntuak bisitatuko dituzte, arlo horretan indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatzeko. Ohikoa denez, Areatza inguruan egingo diren zirkulazio aldaketak izango dira pertsonen eta ibilgailuen joan-etorrietan endredorik handiena eragingo dutenak.

Datorren egunean, abenduak 21, San Tomas azoka egingo da ostera ere Bilbon, BBK-k antolatuta. Atzera ere milaka lagun bilduko dira Bilboko Areatzan, 74. aldia betetzen duen azokan, Bizkaiko nekazaritzaren urteko hitzordurik garrantzitsu eta esperoenetakoan. Ekitaldi jendetsu hau normaltasun osoz joan dadin, Bilboko Udalak antolamendu berezi bat ezarriko du, eta biharamunera arte (barikua) iraungo du, abenduaren 22ra arte. Antolamendu horretan parte hartuko dute Segurtasuneko Sailak, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak, Obra Publikoak eta Zerbitzuetako Sailak eta Osasun eta Kontsumo Sailak. Jai garbi, seguru eta erasorik gabekoa izan dadin da Udalaren xede nagusietako bat, eta, aurten ere, horretarako, gomendatzen du garraio publikoa erabiltzea Bilbora etortzeko.