Javier Barroetak, Daniel Garcíak, Marta Ubietak eta Radio Bilbaok jaso dute gaur Juan Mari Aburto alkatearen eskutik 2023ko “Bilboko Ospetsuak” aintzatespena. Sari horrek aitortza egiten dio uriaren izen ona munduan zabaltzen egindako ibilbideari, eta saridunak hiriaren memorian eta historian kokatzen ditu.

Arlo erabat diferenteetakoak izan arren (moda, gastronomia, kultura eta komunikazioa), Bilborekiko maitasuna, lana eta grina dituzte komunean. Alkatearen iritziz, batez ere, saridunek ordezkatzen dituzte "lantzen ari garen balioak, zeinak ez baititugu ahaztuko txoko guztietan haziak erein arte. Horrela bakarrik eraikiko dugu etorkizuna daukan mundu hobea. ‘Ospetsu’ berriak harro sentiarazten gaituen bihotz handi baten zatitxoak dira. Argia zarete bidean, eta badakizue eredu izan zaretela eta izaten jarraitzen duzuela".

 Oso ekitaldi berezi bat egin da gaur Bilboko udaletxean: 2023ko Ospetsuen aintzatespena emateko ekitaldia. Egun horrek garrantzi handia du Udalarentzat eta bilbotarrentzat, eta, bertan, urtero saritzen dira beren ibilbideagatik uriaren izen ona zabaltzen laguntzen duten pertsonak edo erakundeak.

Javier Barroeta joskina, Daniel García sukaldaria, Marta Ubieta sopranoa eta Radio Bilbao irratia dira ospetsuen zerrendako lau izen berriak. Zerrenda hori 119 saridunez osatuta dago, eta, Juan Mari Aburtok azaldu duen bezala, pertsona horiek uriko historiaren eta memoriaren parte dira jada.

Alkateak zehaztu duenez, lau figura horiek oso desberdinak dira elkarren artean, "baina Bilborekiko maitasuna, lana eta grina dituzte komunean”. Hala, alkateak hitz batzuk eskaini dizkie: “Uriak eskerrik beroena itzuli nahi dizue eta zuotaz harro dagoela adierazi nahi dizue aintzatespen preziatu honen bidez, eman diguzuen eta oraindik ere ematen diguzuen guztiarengatik. Gizartean zabaldu nahi ditugun balioen adibide zarete".

 

BALIOEN HAZIAK BILBON

 

Alkateak gogorarazi duenez, "Ez da garai ona. Larriena gerrak dira, gizateriaren ankerrena. Ukraina/Errusia, Palestina/Israel... Ia egunero ikusten ditugu haurren, emakumeen, adinekoen, familia suntsituen, borrokan ari diren gazteen eta abarren irudi mingarriak, baita bizimodu hobe baten bila ozeanoa pateraz zeharkatzen duten pertsonen irudiak ere. Espero dut ez ez ohitzea inoiz irudi horietara".

 Ildo horretan, adierazi du egungo gizarteak ez duela baliorik, "edo ez duela balio nahikorik. Honako hau esan du: hori dela eta, Bilbon ez gara geldituko, txoko guztietan balioen haziak erein arte. Horrela bakarrik eraikiko dugu etorkizuna daukan mundu hobea. Javier, Daniel, Marta eta Radio Bilbao hazi horiek zarete. Harro sentiarazten gaituen bihotz handi horren zatitxoak zarete, eta zoazten tokira zoaztela eman egiten duzue. Argia zarete bidean, eta badakizue eredu izan zaretela eta izaten jarraitzen duzuela".

 Ekitaldia oso hunkibera izan da, eta Juan Mari Aburtok hitz batzuk eskaini dizkio ospetsu bakoitzari. Javier Barroetari gorazarre egin dio bere grina, bokazio zoragarria, irakasteko gogoa eta bere ondarea Goi Joskintzako Eskolan utzi izana; izan ere, eskola hori bakarra da Estatuan eta, gainera, Bilbon dago, "goi mailako joskintzaren munduan ere izen propioa izan dezagun lagunduz".

 Daniel García bere sukaldaritza eta Bilbo izena mundu osotik eraman dituen langile nekaezina dela esan du, eta azpimarratu du oso pertsona xumea eta eskuzabala dela, sormen eta talentu handikoa, eta jatorriarekiko, lurreko produktuekiko eta sukaldaritza tradizionalenarekiko maitasun eta errespetu handia dituela eta maitasun horri berrikuntza gehitzen diola. "Gizon honek –eta hau ez da bilbainada bat– izar famatu asko izan dituen bere jatetxean, hala nola Robert de Niro, Woody Allen, Pierce Brosnan, Gwyneth Paltrow eta Luis García Berlanga, eta, gainera, Michelín izar bat du. Zalantzarik gabe, Daniel, dohain zoragarri bat daukazu eta horrek uriko ‘ospetsu’ izendatzea merezi du”.

 Marta Ubieta sopranoari bereziki eskertu dio bere bokazioari entzun eta enpresaren mundua utzi izana musikaren munduan murgiltzeko ahotsa tresna gisa erabilita. Eskerrik asko bihotzez egin dituzun opera horietan guztietan entzuten zaitugun bakoitzean amets egiten dugulako, zure grinagatik, zure dedikazioagatik eta gure kulturaren bi zutabe handi diren Bilboko Koralaren edo ABAOren bidez uriarekin daukazun loturagatik. Oso harro gaude ordezkatzen duzun guztiarengatik; Bilbon ditugun balio handietako bat zara”.

Radio Bilbao uriko irratietako aitzindarietako bat da, eta “gure Botxo maitean gertatutako guztiaren –onaren eta txarraren–” lankide leial dela esan du alkateak; izan ere, irratiak “albisteak, musika, kultura, gaurkotasuna eta eta abar eman dizkigu”. Bilboko bizitza guztia. Irratiaren anekdotak gogora ekartzeaz gain, Bilbon eta Bilbori buruzko albisteak ematen dituzten ahots eta kazetari handien lana goraipatu du; adibidez, Carlos Arco, Eduardo Ruiz de Velasco, José María Íñigo, Ana Blanco eta berriagoak, hala nola Jon Egaña, Juan Carlos Otaola, Isabel León, Iñigo Markínez, Azul Tejerina eta Begoña Marañón. "Eskerrik asko –amaitu du– irratiaren familia osoari, barre, negar zein amets eginarazteagatik, Bilbokoak izateagati!!

 

"2023KO BILBOKO OSPETSUAK" AINTZATESPENAK

 

Javier Barroeta: "Ibilbide profesional bikaina du. 1989an bere atelier propioa ireki zuen ekintzaile eredugarri honek, eta modaren diseinua eta teknikak irakasteko lan egin du: 2016an, Goi Mailako Joskintza Eskola inauguratu zuen Bilbon".

Daniel Garcia: "Bilbon, sutegien atzean, izan duen bizitza profesional oparo eta luzeagatik. Batzuetan errezetak erreplikatzen ditu, eta beste batzuetan originalak sortu. Haiekin historia egin du, bai lehenbiziko Zortziko-aren sukaldetik (Poza kalekoa), bai oraingoaren sutegietatik (Mazarredo kalekoa)”.

Marta Ubieta: "Kultura eta arte eszenikoak zabaltzeko egin duen ekarpen handiagatik, lirika- eta soprano-kantari gisa, eta mende luze bat daukan Bilboko Koral Elkartean abesbatza mistoko eta abesbatza gazteko ahots-teknikako irakasle gisa egin duen lanagatik".

Radio Bilbao: "Haren bizitasunagatik. Bilboko irratietako dekanoa da, eta gau eta egun lagun egiten digu, musikarekin, soinuekin, isiluneekin eta hitzekin Bilboren eta bilbotarren iragana eta oraina azalduz. Gure uriaren gaurkotasuna uhinen bidez munduko bazter guztietara eraman du. "