GETXO. Joan den asteartean, martxoak 23, Getxoko Udaltzaingoak bi pertsona identifikatu zituen, bide publikoan adineko pertsonei lapurtzen saiatzeagatik. Antza, "besarkada solidarioa" izeneko metodoa erabili zuten.

Udaltzaingo honek, eta Ertzaintzarekin egindako informazio-trukeari esker ere, martxoaren hasieran adineko pertsonei bide publikoan egindako lapurreten kopurua nabarmen handitu zela ikusi zuen; eta horietan guztietan elementu komuna izan zen biktimengana jarrera maitekorrean hurbiltzen zen emakume batek parte hartu zuela, senide edo lagun komun baten ezagun baten itxurak eginez, haien konfiantza lortzeko. Horrela, laztan edo besarkada moduko gorputz-kontaktu labur baten ondoren, biktimak eraman zezakeen bitxiren bat lapurtzea lortzen zuen, ia beti urrezko dominak edo gama altuko erlojuak. Ebasketa egin ondoren, ibilgailu batean zihoan gizon batek berehala hartu zuen egilea, eta berehala alde egin zuten handik.

Udaltzaingoak ikerketa hasi zuen, eta prebentzio- eta detekzio-dispositibo bat ezarri zuen. Dispositibo hori atzo astearte goizean amaitu zen, salatutako profilarekin bat zetorren emakume bat aurkitu baitzuten Algortan. Jarraipen labur baten ondoren, aipatu den bezala jokatzen zuela ikusi zuten, baita haren atzetik ibilgailuarekin zihoan gizona ere.

Azkenean, bi pertsonak geldiarazi zituzten, eta polizia-etxera eraman zituzten, beharrezko ikerketak egiteko. Eginbide horien bidez, egiaztatu ahal izan da Getxoko udalerrian gutxienez lau lapurretatan parte hartu dutela, deskribatutako metodoaren bidez. Horrenbestez, dagozkion eginbideak bideratu dira, Agintaritza Judizialaren esku jartzeko. Nolanahi ere, ikerketak zabalik jarraitzen du, bi pertsona horiek antzeko gertakarien egileak izan daitezkeen argitzeko.

Bi atxilotuek aurrekariak dituzte aurretik jabetzaren aurkako delituengatik.

Udaltzaingoak prebentzio-lanak egiten jarraitzen du horrelako delituak saihesteko; izan ere, jakin badakite pertsona gehiagok erabiltzen dutela modalitate hori lapurretak egiteko. Hori dela eta, adineko pertsonei gomendatzen zaie erne egon daitezela horrelako gertakarien aurrean, eta ez diezaietela hurbiltzen utzi pertsona ezezagunei, ezagunak diren itxurak egin eta jarrera maitekorra eta desegokia dutela uste badute.