BARAKALDO. Barakaldoko Udaltzaingoak emakume bat atxilotu du ostalaritzako lokal bat ikuskatzea eragozteagatik. Udaleko Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arlotik adierazi dutenez, covid-19aren kutsatzeak gora egin izanaren karietara joan den abuztuaren 19an Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak dekretuz emandako azken neurrien kontrol prozeduraren barruan dago sartuta jarduketa.

Larunbatetik iganderako goizaldean suertatu zen gertakaria, ostalaritza lokaletarako onartutako irekitze-ordutegitik kanpo. Zehazki, 03:30ak inguruan ohartu zen tokiko Polizia lokalaren barruan musika entzuten zela, ozen. Kanpotik egiaztatu zuten agenteek lokal barruan hainbat lagun zegoela edari alkoholdunak edaten eta erretzen, eta haietako hainbatek ez zuela musukoa jantzita.

Hala ere, lokaleko arduradunek ez zioten jaramonik egin bertan zirenak identifikatu eta jarduera bertan behera uztarazteko Tokiko Poliziak lokal barrura sartzen utz ziezaien egindako eskariari. Hori ikusita, lokalaren baterako arduraduna atxilotu zuten, oldartu egin baitzitzaien instrukzio-eginkizuna egiten ez uzteko, eta lokalean ziren beste 7 lagunak identifikatu zituen, haietako bat ezkutatzen ahalegindu bazen ere.

Herritarren Segurtasun Arloko Ängel Madrazok deitoratu egin du gertatutakoa. Hala ere, ostalari gehienen orain arteko jokaera egokia izan dela eta "gertakari hori ez dela gainontzeko ostalari barakaldarren jokaeraren adibide" gogorarazi du, "behar bezala ari baitira betetzen ezarritako neurri guztiak".

Ildo beretik, Madrazok adierazi du 1.200 eurotik gorako isuna jasoko duela lokal arau-hausleak, Tokiko Poliziaren ikuskaritza-eginkizuna oztopatzeagatik, eta kopuru horri Eusko Jaurlaritzaren agindua ez betetzeagatiko ezarriko zaiona gehitu beharko zaiola .

MUSUKOA EZ JANZTEAGATIKO ETA BOTELLOIA EGITEAGATIKO ISUNAK

Bide batez, Ángel Madrazok esan du asteburuko antolamenduan beste akta bat egin behar izan dutela ostalaritza lokal batean ordutegia bete ez dutelako, eta beste 35 akta ere, botelloia egiteagatik, eta 53 gehiago, berriz, musukoa ez janzteagatik .

Bestalde, berretsi du, abuztuan 284 zehapen-proposamen egin direla musukoa ez janzteagatik edo behar bezala ez jartzeagatik; horiek, ordea, Eusko Jaurlaritzak tramitatuko ditu.

"Guztion erantzukizuna da herritar barakaldarren artean birusaren kutsadura geraraztea. Hori dela eta, erantzukizun kolektibo eta indibidualerako deia egin nahi dut osasun arauak, jende arteko distantzia eta higiene-neurriak bete daitezen eta jende pilaketak saihesten ahalegindu gaitezen", esan du Madrazok.