BILBO - Kontuz ibili bero-olatuarekin! Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du muturreko tenperaturengatik. Euskalmeten arabera, Bilbon 21 gradu espero dira gutxienez eta 40 gehienez. Egoera honen eragilea Afrikako iparraldetik datorren aire masa oso bero eta iraunkorra da, eta gaurkoan, hego haizeak indarra areagotuko duenez, Bizkaiko barnealdean tenperatura maximoak 40 gradutik gorakoak izan litezke. Arratsaldean, kostaldean, haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du bat-batean, 50-70 kilometro ordukoko bolada gogorrekin, eta tenperaturek 8-10 gradu egin dezakete behera ordubetean.

Bien bitartean, datorrena hobeto jasateko jomugarekin, Bilboko Udalak behin behineko zazpi iturri ipini ditu jende gehien ibiltzen den tokietan. Iturri horiek hirian dauden 448 iturri publikoetara gehitu dira, eta hurrengo txokoetan aurki daitezke: Agirre Lehendakariaren etorbideko 162an, Blas de Otero kaleko 36an, Kale Nagusiko 63an, Kale Nagusiko 25ean, Areiltza Doktorearen kaleko 32. zenbakiaren aurrean, Etxaniz Suhiltzailearen plazako 4an eta San Jose plazan.

Horrekin batera, herritar guztiei, batez ere, umeei, adinekoei eta osasun arazoak dituzten pertsonei, eguzkitan ez paratzeko, likidoak edateko eta berorik handieneko orduetan esfortzu fisikorik ez egiteko gomendioa zabaldu die Bilboko Udalak. Kontuan hartu behar da bero handiko lekuetan luzaroan egoteak eragin negatiboak izan ditzakeela: zorabioak, ahultasuna, nekea, goragalea, intsolazioa, pultsu azkarra edota buruko min handia dira ager daitezkeenak. Horiek ager ez daitezen, aholkagarria da egarria ken-tzeko ur mordo edatea, bero gehien egiten duen orduetan premiazkoa ez bada kalera ez ateratzea, eta irte-tzekotan, burua estali eta eguzkitako betaurrekoak erabiltzea, gerizpean egotea, jaki freskoak hartzea (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, frutak?) eta etxean eguzkiak ematen dien leihoak eta pertsianak jaistea, tenperaturak baxuagoak direnean etxea aireztatu eta freskatzeko.

Etxeko animaliek ere, bereziki txakurrek eta katuek, bero kolpea jasan dezakete. Sintomak argiak izan ohi dira: arnasestu gogorra, arnasketa arina, gehiegizko listu-jarioa, arretarik eza, zuzen ibiltzeko zailtasunak edo gorakoa. Bilboko Udalak itzalpean jartzea, ura eskaintzea, sudurrean zapi bustiak jartzea eta hankak urtean sartzean gomenda-tzen du ezbeharrik gerta ez dadin.

Olatuak indarrean jarraituko du ostegunera arte. Bihar, tenperatura maximoak 30 gradu ingurukoak izango dira itsasertzean eta 37-39 gradu ingurukoak barnealdean. Ostegunean, zertxobait baxuagoak izango badira ere, alertak bere horretan jarraituko du. Ostiralean, amesgaiztoaren amaiera suposatuko du ohiko tenperaturen itzulerak: hurrengo asteetan 20-25 gradu bitartean egongo dira berriz.