Síguenos en redes sociales:

EHUko 189 kide ageri dira ikerlari aipatuenen zerrendan

Rankinean agertzen diren guztietatik 133 ikertzaile seniorrak dira

Euskal Herriko Unibertsitateko 189 ikertzaile ageri dira Stanford unibertsitateak urtero egiten duen Ranking of the World Scientists: World’s Top 2% Scientists zerrendan; iaz 168 izan ziren. Kopuru hori erabat azpimarragarria da, kontuan izanik EHU unibertsitate jeneralista eta elebiduna dela.

Rankinean agertzen diren guztietatik 133 ikertzaile seniorrak dira (2024an 119 izan ziren). Kasu horretan, ikertzailearen lan-ibilbide osoan zenbat aldiz aipatu izan duten izaten da kontuan. Azken urteko zerrenda 2024an jasotako aipamenei dagokie. Horretan EHUko 157 izen ageri dira (iaz, 133 izan ziren). Bi kategoriak aintzat hartuta, bietan ageri dira EHUko101 kide, iaz baino 17 gehiago. 

Urtez urte hazten joan da Standorfen zerrenda honetan jasota ageri diren EHUko ikerlariak. Euskal unibertsitate publikoak urteetan zehar ikerketaren eta dibulgazioaren kalitatearen alde egin duen lanaren erakusle. Ikerketarako errektoreorde Jon Umerezen esanetan, “emaitza hauek icebergaren tontorra besterik ez dira, zatirik nabarmen eta ikusgarriena; baina, era berean, erakusten du gaina posible egiten duen oinarri zabal, sakon eta sendoa dagoela azpian”. 

Emaitzok adierazten dute nazioarte mailako akademian oso aintzat hartzen dela EHUn sortzen den ezagutza, egiten den zientzia eta, “azken batean, ondare global horri gure unibertsitateak egiten dion ekarpena oso esanguratsua dela”, dio Umerezek.  

Ikerketa errektoreordearen esanetan, zientzia lan lehiakor bezain kolektiboa da eta horren erakusle argienetako bat da kideen (peer) erantzuna norberaren ekarpenen aurrean: kritikarako, onarpenerako, desegiteko nahiz eraikitzeko; "beti da aurrera egiteko euskarri gisa hartu izanaren aitortza edo errekonozimendua”. 

Sailkapena egiteko, argitalpen zientifikoen inpaktuarekin lotutako hainbat parametro aplikatzen ditu Stanford Unibertsitateak; hala nola, indexatutako argitalpenen kopurua, beste zientzialari batzuek argitaratutako lanetan zenbat aldiz aipatu diren argitalpen horiek, h indizea, egile-kidetza, eta aurreko faktore guztiak uztartzen dituen azken adierazle bat. Gainera, alborapenak saihesteko, ikertzaile bakoitzaren metrikak konparatzeko aukera ematen du sailkapenak, nork bere bururi eginiko aipamenak saihestuz.  

Zerrendan agertzen diren EHUko kideak jakintza arlo guztiak ordezkatzen dituzte: Fisika, Filosofia, Kimika, Hizkuntzalaritza, Informatika, Ingeniaritza, Ekonomia, Osasun Zientziak, Hezkuntza edo Kirola, besteak beste.