Bilbo ez da izango Frantziako Tourraren eraginak jasango dituen euskal hiriburu bakarra. Donostiako Udalak iragarri berri du, lasterketa igandera arte Gipuzkoako hiriburura helduko ez den arren, uztailaren 1ean hasiko direla aldaketak trafikoan.
Hori dela eta, joan-etorriak garaiz planifikatzeko eta, ahal dela, garraio publikoa erabiltzeko aholkua eman diete herritarrei. Era berean, munduan den kirol-ikuskizunik handienetako batez gozatzeko aukera ere izango da; gure hirira hirugarren aldiz ailegatuko den ikuskizuna.
Eragin horiek karrera pasatuko den ibilbideetan eta inguruko beste kale batzuetan ere izango dira, eta aldaketa handiak izango dira hiriaren ohiko jardunean. Udaltzainak, mugikortasun agenteak, boluntarioak eta Frantziako Tourraren Grand Départeko antolakuntzaren pertsonak arituko dira bideak ixten.
Zehazki, uztailaren 2an, itxiera 12:00etatik eta 18:30era izango da. Uztailaren 3an, aldiz, 10:30etik 17:00ak arte izango da.
Trafikoari itxitako zenbait kaletan oinezkoentzako pasabide batzuk ere moldatuko dira tartean-tartean. Baina, une jakin batzuetan bakarrik izango da handik pasatzeko modua. Behar bezala seinaleztatuta izango dira, eta baimendutako langileak arituko dira bidea gurutzatzekoan seguru gurutzatu ahal izateko laguntzen.
Larrialdietako ibilgailuek beti izango dute sortzen diren premietara pasatzeko lehentasuna.
Tourraren antolatzaileek eta Udalak gomendatzen dute ibilgailu partikularrik ez erabiltzeko bi egun horietan, eta garraio publikoa hartzeko, garraio publikoak ere ibilbide eta ordutegi aldaketa batzuk izan beharko baditu ere. Era berean, joan-etorriak garaiz planifikatzea ere gomendatzen dute.
Autoak kentzea
Lasterketa pasatzen den kaleetan aparkatutako ibilgailuak kendu egin beharko dira. Hala, ezin izango da inola ere aparkatu, ezta une batean ere, Tourraren 2 etapak pasatzen diren ibilbideetako kaleetan. Hori dela eta, ekainaren 27ko goizeko 9:00ak aldetik aurrera, udaltzainek eta mugikortasuneko agenteek koordinatutako señalistek bertan egon daitezkeen autoak kentzen hasiko dira.
Karga-deskargak
Uztailaren 3an, astelehena, Parte Zaharreko zamalanak lehenago bukatzea eskatzen du Udalak: 10:00ak baino lehen bukatuta izatea.
Hondakinak biltzeko zerbitzua
Uztailaren 2an, zabor organikoa ez da arratsaldean jasoko. Gaueko 23:30ean atera beharko dira hondakinak eta establezimenduaren atean utzi.
Uztailaren 3an ez da beira bilketarik izango Parte Zaharrean. Hurrengo egunean izango da, uztailaren 4an, asteartea. Paperaren, ontzien eta gainerakoen bilketa goizeko 06:00etan hasita egingo da.