Arrakasta handia izan du Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroaren itsas hondoak garbitzeko robotak Venezian egindako espedizioak. Urtebete darama eta dagoeneko tona-erdi plastiko bildu du Sacca Fissola uhartean.

Baina ekimenak urrats bat gehiago egin nahi du, eta haren helburua da itsas zaborra identifikatzea, biltzea, sailkatzea eta, ondoren, produktu birziklatu bihurtzea, baita sistema horiek ekosisteman duten inpaktua ebaluatzea ere. Ingurumenaren Europako Astea dela eta, robotak bere lehen zuzeneko erakustaldia egin zuen joan den ostiralean, Veneziako toki-agintarien aurrean.

Garapen horrek egungo arazo handi bati erantzuten dio; izan ere, gizakiak isurtzen dituen hondakin-kopuru handiak kalte garbia egiten die mundu zabaleko ibaiei eta ozeanoei. Kalkuluen arabera, gaur egun 83 milioi tona plastikozko hondakin daude barreiatuta ozeanoetan. Horregatik, gaur egungo egoerak eskatzen du, lehenik eta behin, ozeanoetara plastiko gehiago ez botatzea; horretarako, ezinbestekoa da kontsumo arduratsua sustatzea eta, garabidean diren herrialdeetan, hondakinak kudeatzeko sistemak hobetzea. Eta, bigarrenik, beharrezkoa da itsasoan lehendik metatuta dauden makroplastikoak erretiratzea, mikroplastiko eta nanoplastikotan zatitu aurretik —kontuan izanik azken horiek elikadura-katea kutsatzen dutela—. Lan nekeza eta motela da ozeanoaren hondoan metaturiko material plastiko horiek berreskuratzea.

Alde horretatik, Europako zortzi herrialdetako hamalau bazkidek osatutako partzuergo batek Maelstrom proiektuan dihardu lanean buru-belarri, itsas hondoak garbitzeko soluzio robotizatu efiziente eta selektibo bat sortzeko. Ildo horretan garatu du Tecnaliak itsas hondoak garbitzeko sistema robotiko hori. Batetik, plataforma flotatzaile bat du, eta, bestetik, itsaspeko kable robot bat: dibidieta banatan bildutako zortzi kablek lotzen dute itsaspeko sistema mugikorra plataforma flotatzailearekin. Itsasoko plastikoak eta zaborra biltzeko, robotak bi soluzio ditu: batetik, 150 mm-ko diametroa duen xurgapen-hodi bat zabor txikienarentzat, eta, bestetik, pintza hidrauliko bat, 130 kilogramora arteko objektu handiagoak biltzeko, hala nola pneumatikoak, kaxak, hondoratutako itsasontzi-zatiak edo arrantza-sareak.

Adimen artifiziala, itsasoaren zerbitzura

Robota hogei metroko sakoneran lan egiteko eta ur-ekosistemei kalterik egin gabe jarduteko diseinatua da; horretarako, presio- eta sakonera-sentsoreak dauzka integratuta. Era berean, itsasoko zaborra ikusteko kamerak ditu, baita kamera adimendun bat ere, itsasoko zaborra adimen artifizialaren bidez identifikatzeko eta, hartara, bilketa erdiautomatikoa egiteko. Horrek robotaren operadoreari laguntzen dio; izan ere, modu independentean edo operadore batek urrunetik gidatuta lan egin dezake robotak.

Baina itsasoko zaborra biltzeko teknologiak ezartzeaz gainera, proiektu horren helburua da zabor hori birziklatzen laguntzea, ekonomia zirkularraren ikuspegiari jarraituz, Ekonomia Zirkularreko Plastikoei buruzko Europako Estrategiak aurreikusten duen bezala. Horregatik, berreskuratutako zaborraren pisuari eta motari buruzko hasierako ebaluazioa egin ondoren, sailkatu egiten da, ezaugarriak eta birziklatze-profilak kontuan hartuta.

Mariola Rodriguez Tecnaliako proiektu-arduradunaren arabera, “Soluzio teknologiko horren abantaila nagusiak dira ur-azaletik jarduten duela eta bilketa-buruak beharrezkoa denean bakarrik aktibatzen ditugula; horrekin, hautaketa-gaitasun handia lortzen dugu eta, hartara, ahalik eta gehien murrizten dugu ekosistemaren gaineko inpaktua. Gainera, kable-robota zurruna eta azkarra denez, objektuak altxatu eta bizkor batean garbitu ditzakegu, eta, beraz, bilketa ere eraginkorragoa da. Hori guztia ikusita, beraz, gaur egun itsas hondoak garbitzeko dagoen robotik eraginkorrena da, ingurunea gehien errespetatzen duena”.

Datorren urtean, urpeko robotak Veneziako itsas hondoa garbitzen segituko du, eta, aldi berean, eboluzionatzen eta teknologia hobetzen jarraituko dugu, 2024an amaitzen denean proiektua merkaturatzen hasi ahal izateko.