Joan den asteazkenean, maiatzak 24, Euskal Herriko Unibertsitateak ekainetik aurrera ospatuko diren Uda Ikastaroen (UIK) 42. edizioa aurkeztu egin zuen Donostiako Miramar jauregian. Ekitaldian parte hartu zuten Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza sailburuak, Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, Koldo Telleria Irizarko pertsona arloko zuzendariak, eta Itziar Alkorta UPV/EHUren Uda Ikastaroen (UIK) zuzendari akademikoak.

Aurten, bereziki, 25 urte arteko gazteek ezagutzaren plazan parte hartzea, beraien ekarpenak egitea eta Uda Ikastaroez gozatzea sustatu asmoz, eskaintza berezia prestatu dute eta izena-ematerakoan, erraztasunak izango dituzte. Maiatzaren 31 baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango ikastaro bakoitzeko.

Ekainaren hasieratik irailaren amaiera bitartean askotariko hartzaileei zuzenduriko 152 ikastaroz osaturiko eskaintza interesgarria izango du Euskal Herriko Unibertsitateak. Uda sasoiaz harago, urte osoan zehar modu iraunkorrean ari gara UIK-ren gerizpean online ikastaroak, workshop-ak, Donostia Sustainability Forum ekimenak eta ikastaroak aurrera eramaten.

42. edizio honetan bederatzi erronka nagusi izango dira ardatz: gazteak hizpide; giza eskubideak ortzi-mugan; hezkuntzaren eta hizkuntzaren etorkizuna; bizi-kalitatea oinarri; kultura eta artea; iraunkortasuna; ekonomia soziala; digitalizazioa eta adimen artifiziala.

Agustin Erkizia, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak azpimarratu zuenez, "aurtengo UPV/EHUko Uda Ikastaroek gaur egungo gizarteak dituen hainbat erronkei buruzko hausnarketa egiteko aukera paregabea eskaintzen jarraitzen dute. Horretarako, gai egokiak aukeratzeaz gain, arlo bakoitzean aditu eta arituak diren hainbat pertsonen konplizitatea batzea lortu du formatu egoki baten inguruan.

UPV/EHUko Uda Ikastaroei esker errealitate aberats bezain konplexuari era berezi batean begiratzen diogu, ikastaroak eskaintzen diren leku eta espazio ezberdinetara hurbiltzen direnen artean aparteko konplizitate berezi bat sortzen delarik. Gaur egungo munduarekin konektatzeko edota konektatuta jarraitzeko Uda Ikastaroetara hurbiltzeko gomendatuko nieke bakoitzak bere lekua aurkitzeko aukera izango duelako."

Programa bereziak, lankidetzan

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin batera eta Irizarrekin elkarlanean garatutako programak aurkeztu zituzten erakunde horietako arduradunek. UIK-ren balio nagusienetakoa da lankidetza eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin eta Irizar Kooperatibarekin ezagutzaren zabalkundean egindako ibilbide aberatsa aitortu eta eskerrak luzatu zizkien, bi erakundeei, Itziar Alkorta UIK-ren zuzendari akademikoak.