Aurrera darrai Donostiako Udala biztanleriaren eguneroko bizitza hobetzen. Oraingo honetan, autotramitazio makina berri bat instalatu egin du Bentaberriko kiroldegian. Makina honek herritarrentzako onura asko ekarriko ditu. Alde batetik, errazagoa izango da tramiteak egitea; eta bestetik, denbora aurreztuko dute ilarak ekiditzen.

Makina honi esker, hiritarrek honako tramite hauek egin ahal izango dituzte: errolda agiria inprimatu, ordainagiri eta isunen kopiak inprimatu, ordainketak egunean izatearen ziurtagiria inprimatu eta Udalinfo bulegoetarako aurretiko hitzordua eskatu. Dokumentuak paperean inprimatu edo pdf formatuan e-mail batera bidal daitezke.

Makina erabiltzeko ez da beharrezkoa aldez aurretik hitzordua eskatzea, baina premiazkoa da identifikatzea, eskanerrean nortasun-agiria (NAN/AIZ/Pasaportea) sartuta.

Hirian instalatzen den ezaugarri horietako seigarren makina da. 2019ko urrian makinak instalatu ziren Goikoan, Arrokan eta Morlansen, eta 2021eko uztailean Okendo eta Intxaurrondoko kultur etxeetan.

Kiroldegiko ordutegian egongo da erabilgarri:

  • Astelehenetik ostiralera: 7:30-22:00 (udan 7:30-20:30)
  • Larunbatak: 8:30-22:00 (udan 9:00-20:00)
  • Igande eta jaiegunak: 9:00-14:00

2022an, 98.121 izapide egin ziren makina horietan. Horietako gehienak, % 86,03, erroldatze-txartelaren inprimaketari dagozkio. Atzetik, ordainagiriak inprimatzea (% 7,73), aurretiko hitzorduak eskatzea (% 4,83), isunak inprimatzea (% 0,76) eta ordainketak egunean izatearen ziurtagiria inprimatzea (% 0,65).