Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak 40 urte beteko ditu aurten. Hori dela eta, egitarau berezia prestatu egin da, astelehen honetan, apirilak 25, hasiko dena, Bizkaia Aretoan ospatutako ekitaldi batekin.

Gainera, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzutik irakurzaletasuna era berezian sustatzeko asmoz Trukatuz ekimena jarri da abian. Horren bitartez, hiru campusetan liburuen trukea sustatuko da, eta horretarako, doan eskainiko dira unibertsitateak argitaratutako lanak. Halaber, beste ekitaldi batzuk ere ikusgai izango dira campusetan, hala nola bertsoak, musika edo hitzaldiak.

40 urteko ibilbidean, Argitalpen Zerbitzuak punta-puntako lanak argitaratu ditu. Horren lekuko dira bertan argitaratutako lanek jaso dituzten sariak. Guztira, hamalau lan saritu dituzte. Aipatutako sariez gain, Argitalpen Zerbitzuak argitaratutako lau seriek eta bildumak FECYTek (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología) ANECAren eta UNEren laguntzaz antolatzen duen Akademiako Edizioaren Kalitate Zigiluak (CEA-APQ) jaso dituzte.

Nazioartean aitortutako profesionalizazio-baldintzak betetzen dituzten Espainiako argitalpen zientifikoak identifikatzea eta aitortzea dute helburu kalitate- zigilu horiek. Horrez gain, 2016. urtetik aurrera, gure serieak eta bildumak Book Citation Index-ean daude, liburu zientifikoen indize ospetsuenean. Bereizgarri horiei esker, argitalpen zientifiko asko modu garrantzitsuan kokatu dira merkatu nazionalean eta nazioartekoan. Eta Espainiako aldizkari zientifikoen kalitate editoriala eta zientifikoa ebaluatzeko kalitate-zigilua lortu dute guk argitaratutako bederatzi aldizkarik.

“UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak euskaraz sortu eta idatzitako lan zientifikoen zabalkundean jokatzen duen papera azpimarratu nahiko nuke”, adierazi du Juncal Gutierrez Mangado Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak. Gainera, gehitu du euskaraz idatzitako lan zientifikoen argitalpenean, Argitalpen Zerbitzua “aitzindaria dela”.

UZTA

Berrogei urte hauetan Argitalpen Zerbitzuak eman duen emaitzari erreparatuz gero, bertako erregistroek esaten dute 4.686 lan argitaratu dituela, liburuak eta aldizkariak barne. 2021ean, argitaratutako lanen % 52,15 gaztelaniazkoak izan dira, eta % 44,22 euskarazkoak. Euskaraz eta gaztelaniaz publikatzeaz gain, bereziki ingelesez argitaratu ditu lanak Argitalpen Zerbitzuak; hala ere, frantsesez, italieraz, latinez, portugesez eta alemanez ere argitaratu du, baita grekoko edo errusierazko testuak dituzten lanak ere.

OSPAKIZUNAK, EMANALDIAK ETA LIBURU-TRUKEAK

Apirilak 25ean - Bizkaia Aretoan

  • 12:00: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuaren 40. urteurreneko ekitaldia & Trukartuz

Apirilak 26an - Arabako Campusean

  • 10:00-16:00 - Trukartuz - Elurreta ikasgelategian

Apirilak 27an - Leioako Campusean

  • 10:00-16:00 - Trukartuz - Liburutegi Nagusiaren ondoan
  • 12:30 - eRRe (Aldarri bat bertsoz) - Laboa Plazan

Apirilak 28an - Gipuzkoako Campusean

  • 10:00-16:00 - Trukartuz - Carlos Santamaria Zentroaren ondoan
  • 13:00 - Gipuzkoako Campuseko errektoreordearen hitzak eta Liburutegiaren 10. urteurreneko bideo-aurkezpena
  • 13:45 - Miren Agur Meabe idazlea eta Karmele Castillo biolontxelo jotzailea

Apirilak 29an - Nautikan (Portugaleten)

  • 10:00-16:00 - Trukartuz

HASTAPENAK

1981eko abenduaren 29an, Ikerketako Errektoreordeak, José Luis Ramirez Ortizek, UPV/EHUren argitalpen-politika bat ezartzeko beharrari buruzko dokumentua sinatu zuen. Gregorio Monreal zen orduan Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea. Argi ikusten zen Unibertsitatearen eginkizunetako bat zela Unibertsitateko fakultate eta eskoletan egiten zen lana zabaltzea. Dokumentu horretan aipatzen dira argitaratzeko modukoak izan zitezkeen lanak. Besteak beste, errentagarriak ez izateagatik enpresa komertzialek editatuko ez zituzten lanek lekua izan zezaketela aipatzen da; unibertsitateko ikerketen emaitza izango diren artikuluak; doktorego-tesiak eta lizentziatura-memoriak; bertoko irakasleek idatzitako eskuliburuak eta testu-liburuak; askotariko argitalpen orokorrak (memoriak, ikasleentzako gidak, beka eta laguntzei buruz­ko informazioa, etab.). 1981eko dokumentu hartan aurreikusten zen euskaraz sortutako materialak izango zuen gehikuntza, eta Argitalpen Zerbitzuak haiei bide eman ziezaiekeela. Euskararekin lotuta, euskal ikasketei buruzko programak ezarrita zeuzkaten atzerriko unibertsitateetako sailekin lanean jarduteko espazio interesgarri gisa ere ikusten zen.

1982ko urtarrilaren 19an egin zen Gobernu Kontseiluan tratatu zen Argitalpen Zerbitzua sortzearen gaia. Bilera hartan onartu zen Argitalpen Zerbitzua sortzea, eta Argitalpen Kontseilua osatuko zuten bederatzi kideak ere bai.

Bere ibilbidean, Argitalpen Zerbitzuak hamar zuzendari izan ditu: José María Rivera Pomar, José Luis Melena Jiménez, Joakin Gorrotxategi Txurruka, Francisco Javier Corcuera Atienza, Juan Igartua Salaberria, Javier Duoandikoetxea Zuazo, José Ignacio Armentia Vizuete, Teresa Agirreazaldegi Berriozabal, Leire Escajedo San Epifanio eta Elisabete Alberdi Celaya.