Munta handiko hamar esku-hartzetik gora ari dira koordinatzen urte hasiera honetan Gasteizen Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailetik. Hala aurreratu du Gasteizko Udalak prentsa ohar baten bidez.

“Intentsitaterik gorenean dira lanak, hiriaren eraldaketarako momentu garrantzitsuan. Kale eta plazak hobetuko dituzte obrek, mugikortasuna, erosotasuna… Horien guztien bitartez, oinezkoen eta bizikleten joan-etorriak hobetu nahi ditugu, irisgarritasuna eta mugikortasun iraunkorra erraztu, espazioak birnaturalizatu eta berdegune gehiago sortu”, azaldu du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek.

Hauek dira gaur egun gauzatzen ari diren esku-hartze nagusiak:

- Iturritxu kaleko aparkalekua (326.051,68 euro),

- Memoriaren plaza sortzea (1.658.236,04 euro),

- Santa Barbara plazako zamalanetarako nasa (Udalaren inbertsioa, 1.100.081,79 euro),

- Gasteizko Salbatzailearen hilerriko saneamenduaren eta euri-uren sarea berritzea (1.051.198,24 euro),

- BEIren karga-unitate funtzionala - kotxetegiak (4.373.983,44 euro; Eusko Jaurlaritzaren % 65eko finantzaketa, eta aldundiaren % 17,5ekoa),

- Lakua-Arriagako parkinga (693.381,79 euro, inguru osoko oinezkoen iragazkortasuna hobetzea barne),

- Aldaiako kiroldegiko pistak (313.923,98 euro, Gasteiz Hobetuz proiektutik),

- Malizhaeza kalea eraberritzea (257.593,73 euro, Gasteiz Hobetuz proiektutik),

- Borinbizkarreko hiri-baratzeak (192.861,95 euro, Gasteiz Hobetuz proiektutik),

- Haurren Auzoa proiektua, Etxauri plaza eraberritzeko (538.527,94 euro, Gasteiz Hobetuz proiektutik),

- Mendizabaleko aparkalekua eraberritzea (999.800 euro, pintatze-lanak falta direlarik).

Horiez gain, bestelako lanik ere egiten ari da Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saila auzoetan, hala nola asfaltatze-lanak eta argiteria publikoaren hobekuntzak, eta aurki ekingo dio Ilustrazioaren hiribidea eraberritzeari (super-etxadia).

Eusko Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin lankidetzan, tranbia Salburua auzora luzatzeko obrak ere egiten ari dira, zeinek eragin handia izango baitute espazio publikoan, eta Gasteizko zona hori erdigunearekin lotuko.