Gasteizko Udalak hasi egin ditu dagoeneko Postetxearen eta Biktimen Oroimenezko Zentroaren artean egongo den Memoriaren Plaza sortzeko lanak. Guztira 1.658.236,04 euroko kostua izango dute, eta zortzi hilabeteko iraupena.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatu duen proiektuak Arkupeen eremuan egindako eraberritzearekiko koherentzia estetikoari eutsiko dio, eta ingurua erabat birbanatzea ekarriko du berekin. Plaza berria espazio publiko moderno eta kalitatekoa izateagatik nabarmenduko da, eta oinezkoentzako eta herritarrak elkartzeko balioko du bereziki. Halaber, inguruneko zuhaitzak mantenduko dira, eta altzari guztiak aldatuko.

“Gure hiriaren bihotzean plaza berri bat sortuko duen proiektu bati ekin diogu“, azaldu du Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotziak. “Ekimenak, gainera, osotasuna bermatuta dauka. Aurreko astean hirugarren fasearen lizitazioa onartu baitzen. Helburu berdina dauka: espazio publiko adeitsuagoa edukitzea, oinezkoen mugikortasuna ahalbidetzeko eta gasteiztarrei bertako kale-plazez gozatzeko bide emateko xedez”, esan du.

PLAZA

Proiektua plaza berri bat eraikitzean datza: Oroimenezko Zentroaren eta Postetxearen artean lehenengo fasearen ondorioz libre utzitako espazioan kota-aldea murrizten duen plataforma moduko bat izango da.

Mendebaldeko alboan, plazaren mugan, tarte txiki batean eskaileren bidez konponduko da plataforma horren eta oinezkoentzako ibilbidearen arteko desnibela. Bizikletak aparkatzeko eraikinaren parean, beste eskailera-maila batzuk jarriko dira, eta jendea eseri ahal izango da haietan (gaur egun San Frantzisko aldapa berrian bezala).

Hegoaldean, berriz, arrapala batek aparkalekura sartzeko bidea emango du.

Eta, ekialdeko alboan, Corten altzairuzko jardinera batek itxiko du plaza Olagibel aldera, eta trafikotik babestuko du.

Halaber, jarduketak aukera ematen du oinezkoentzako beste ardatz batzuk sortzeko: Posta kaletik Aizkora plazaraino (Plaza Berrian, Postetxean, Espainiako Bankuan eta Arkupeetan zehar), eta eskailera mekanikoen eta igogailuaren bidez San Vicente aldaparen hasieran amaitzen den pasealeku irisgarri berri bat.

BIZIKLETA-APARKALEKUA

Plataformaren azpian kokatu bizikleta-aparkalekua hiriko handiena izango da, eta aukera emango du 200 bizikleta aparkatzeko bi alturako bizikleta-aparkalekuetan. Azpiegitura VGBiziz sarean txertatuko da, eta bertan sartzeko kudeaketa-sistema bera erabiliko da. Horrez gain, espazio bat gordeko da zama-bizikletetarako, eta beste bat, bizikleta elektrikoetarako, bi sistema haien aldeko apustua egiten baitu Udalak, bereziki.

ERREGE ATEAREN ERABERRITZEA

Oroimenezkoaren ingurunea egokitzeko obren hirugarren —eta azken— fasea lizitaziora ateratzea erabaki zuen urteko azken astean Urtaranen gobernuak.

Proiektu horren bitartez Errege Atea birgaituko da. Errege ateko obren aurrekontua 1.371.243,21 eurokoa da (BEZa barne), eta 7 hilabeteko epea (28 aste) ezarri da gauzatzeko.

Hirugarren faseak 2019tik 2020ra bitartean Arkupeen eta Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurunea eraberritzeko prozesua burutuko du, eta Errege atea eraberritzea ere aurreikusten du, bai espaloi-galtzadetako zoladurak bai lurpeko instalazioen zati bat hondatuta baitaude.

Jarduketa horren bidez, akabera eta azken erremate berarekin luzatuko da Magdalena eta Prado kaleek, Andre Maria Zuriaren plazak, Mateo Moraza kaleak, San Frantzisko aldapak eta San Frantzisko kaleak osatzen duten ardatza. Eremu osoaren eraldaketan egingo den azken errematea Kanpokale Berria eta Aska kaleak eraberritzearekin batera iritsiko da. Kale horien proiektuak laster idatziko dira.