Donostiak aurrerapauso garrantzitsu bat eman berri du etorkizunari begira. Gaurtik aurrera, 5G teknologia ezarriko dute Dbusen flotako hainbat autobusetan, konkretuki 28-Amara-Ospitaleak linean, Easo plaza eta Bulebarra arteko eta Bulebarra eta Urbieta 58 arteko bidaia zatietan.

Dbus izan da estatu mailan bere hiri autobusetan 5G konexioa ezarri duen lehen mugikortasun operadorea, eta 2019az geroztik "5G Euskadi" proiektuan ari zen lanean. Proiektuko proba pilotuak egin ondoren, flotak bideoz zaintzeko ekipamendua eta bidaiarientzako banda zabala diseinatu, aztertu eta hornitu dira, bi fasetan: lehenik, Ursalink UR75 routerra instalatu da, eta, bigarrenik, ekipamendua ezarri da, autobusen barruko ekipoetan nahiz neurketa ekipoetan hardwarea eta softwarea egokituz. Bukatzeko, berriz, 5G ekipamendu hau instalatu da aurreikusitako autobusetan.

Teknologia berri honekin, Dbusek berrikuntzaren alde egiten jarraitzen du, Eneko Goiak, Donostiako alkateak, azaldu duenez: “Dbusek urratsak ematen jarraitzen du zerbitzuaren kalitatea hobetzen jarraitzeko hartutako konpromisoan, kasu honetan 28 linean 5G teknologia ezarriz. Dbusen zerbitzu berri honek, edozein herritarrek doan eta edozein gailu mugikorretatik eskura dezakeenak, argi erakusten digu konpainiaren izaera berritzailea, zeina, hain zuzen ere, aitortua izan da berriki Global Innovation Day berrikuntzaren hitzordu handian, eraldaketa digitala eta kontzientziazio soziala lortzeko egin dituen ekintzengatik".

AURRERAPAUSO HANDIA

Dbuseko autobusetan 5G teknologia ezartzea aurrerapauso handia da, eta prestazio hauek eskainiko ditu:

  • Autobus barruko wifi konexioa hobetzea: Dbuseko autobusek wifi konexioa dute erabiltzaileen esku. Konexio hori 4G sare batean sortu da, eta horrek bere erabilera mugatzen du erabiltzaile bat baino gehiago ari bada konektatzen saiatzen. • Orain, 5G konexioaren bidez, nabarmen hobetuko da erabiltzailearen esperientzia wifira konektatzen denean, bai konektatzeko eta nabigatzeko abiaduragatik, bai sartzeko erraztasunagatik; izan ere, erabiltzaileek doan gozatu ahal izango dute 5G konexioaz, nahiz eta beren gailuek sistema hori aurrez instalatuta ez izan.
  • Bideozaintzako sistema: Dbuseko autobusek kamerak dituzte barruan, autobusaren erabiltzaileen eta gidarien segurtasuna bermatzeko. Autobus barruko segurtasun kamerek bereizmen handiz hartutako irudiak prozesamendu zentrora denbora errealean transmititzeko erabiliko da kasu honetan.
  • Ibilgailuen mantentze lanak: 5G sarea autobusaren barruko aldagaiak monitorizatzeko erabiltzea, matxura izan dezaketen elementu kritikoen egoera identifikatu ahal izateko (adibidez: motorra, abiadura kaxa, direkzioa). Maiztasun handian transmititutako informazio horrek guztiak, gaur egun 5G teknologiarekin baino egin ezin denak, ibilgailuaren mantentze planak optimizatzen lagunduko du, geldialdi denborak minimizatuta.