Oinezkoen, txirrindularien eta garraio publikoa erabiltzen duten pertsonen mugikortasuna hobetzea izango da Donostiako Udalak aurkeztu berri duen 'Datorren Donostia' izeneko hiriko mugikortasunaren eredu berriaren helburu nagusia.

Eneko Goia alkateak eta Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio zinegotziak aurkeztu dute proposamena. Goiak honakoa adierazi du: “Donostiako hiri mugikortasuna eratzeko une garrantzitsuan gaude. Gaur partekatzen dugun proposamena hiriaren berrantolaketa integralerako planteamendu bat da, oinezkoentzako espazioak indartuz, bideak eta garraio publikoa diseinatuz, betiere, Topoaren sarearen handitzea kontuan hartuta”

Inplementatuko diren proposamenak zehaztu aurretik, erakunde, talde politiko eta gizarte-eragilekin elkarlanean arituko da Udala, oinarrizko irizpideak definituz eta Mugikortasuneko eta Garraioko Departamentuak proposatutako ereduan aurrera eginez.

MUGIKORTASUN ESKEMA BERRIA

Proposatzen den eredu berriak eskema orokor bat du abiapuntu, eta honako ildo nagusiak marrazten ditu: oinezkoentzako espazioak; Udalaren mugikortasun aktiboko politikarekin bat datozen oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbideak; garraio publikoaren sarea berregitea, Topoa izango duen garrantzia kontuan hartuta; aparkalekuen politika; baimenduen kudeaketa: zamalanak; eta azken miliaren banaketa sistema. Eta hori guztia, hiritarren bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin.

Alkateak adierazi duen bezala, “Donostiarako mugikortasun diseinu berria nahi dugu, hain zuzen ere, emisio kaltegarriak murrizteko eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin dugun konpromisoarekin bat datorren diseinua, donostiarren bizi-kalitatea hobetzeko gai izango dena. Pertsonak erdigune diren hiria nahi dugu, osasungarriagoa, inklusiboagoa, bizitzeko egokiagoa, biziagoa, eraginkorragoa eta ederragoa”.

Ibilbide berriak ezartzeari esker, gozatzeko espazio berriak sortu nahi dira:

  • Antiguako tunelaren inguruan, berdegune berria;
  • Zurriola pasealekuaren amaieran, beste berdegune bat;
  • Arabako parkea edo Loiolako Erribereko Oroimenaren Lorategia hobetzea eta handitzea.

Gainera, eskema horri esker, bidegorri-sarea indartu eta handitu ahal izango da, hiriaren ekialderantz zabaltzeko erronkarekin. Ildo horretan, datorren urtean Herrera eta Bidebieta lotuko dituen zatia egitea aurreikusten da.

ABIAPUNTUA

Nahiz eta hiriko trafiko ezberdinak diseinatzeko proposamena orokorra den, Mugikortasun Departamentuak abiapuntu zehatz bat hartu du. Horrela, lehen aipatutako helburuak kontuan hartuta, Alde Zaharreko eta Erdialdeko eremuak proposamen zehatzak diseinatzeko balio izan du.

Lehenengo fase horri esker, Bertakoen Lehentasuneko Eremu bat sortu ahal izango da, eta horretara bertakoen eta baimendutakoen ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira. Gainerako ibilgailuek debekatuta izango dute eremu horretarako sarrera, eta txandakako aparkalekuetara sartzeko inguruko ibilbideak bakarrik erabili ahal izango dituzte.

GARRAIO PUBLIKOA ETA JASANGARRIA

Era berean, aldaketa horiek guztiek eraldaketa ekarriko dute garraio publikoarentzat. Izan ere, garraio publikoak bi ardatz nagusi izango ditu (ekialdetik mendebaldera eta iparraldetik hegoaldera). Eta ardatz horiek linea nagusi batzuk izango dituzte, hain zuzen ere, hiriko edozein tokitatik erabiltzaileei gehienez ordu erdian euren helmugatara iristeko aukera emango dieten lineak. Hortaz, eremu periferikoek zerbitzu hobeagoa izango dute.

BESTE EREMU BATZUETAN EZARTZEA

Abiapuntua Alde Zaharrean eta Erdialdean ezarri den arren, Udala paradigma berri hau auzoetara eramateko modua lantzen ari da, auzo bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta.

Proposamena aurreratuta dago Gros auzorako, eta ziurrenik hori izango da proiektuaren hurrengo fasea.

Planteamendu hori pixkanaka errepikatuko da hiriaren gainerako auzoetan, bakoitzak bere eremu mugatua eta oinezkoentzako eta aisialdirako gune berriak izan ditzan.