Eguraldia lagun izan ez arren, Ikastolen aldarria ez da falta izan Ordiziako Jakintza Ikastolako frontoian. Bertan ospatu zen atzo goizean aurtengo Kilometroak jaiaren ekitaldi instituzionala. Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako ikastolek elkarrekin antolatu duten festa honetan, auzolana izan da protagonista nagusia.

Ekitaldia hiru ikastola antolatzaileetako ikasleek girotu dute. Jakintzakoek bertsoak abestu dituzte, San Benitokoek aldiz, aurtengo Kilometroak abestiaren doinuaz koroegrafia bat prestatu dute, eta Andramendikoek bestalde, kolorea ipini diote goizari. Izaro Iraetak eta bere alabak gidatu dute saioa.

Jardunaldia lekukoaren aldaketarekin amaitu da. Lekukoa Goierriko hiru ikastoletan barrena ibili da goizeko 9.00etatik; Lazkaon hasita, Beasaindik igarota, Ordiziara iritsi da ikasleez, gurasoez eta musikaz murgilduta, Ibarrako Uzturpe ikastolara lekualdatzeko. 2022an Ibarrak antolatuko ditu Kilometroak. "Ohore handia da Ibarra bezalako herri txiki batentzat Ikastolen jaia antolatzeko aukera izatea", adierazi dute Uzturpeko ordezkariek. "Ardura, emozioa eta erronka ere bada", gehitu dute. Kilometroak Kultur Elkartetik, "zortea, adorea eta elkarlanerako grina opa diegu Ibarrako Uzturpe ikastolako komunitateko kide guztiei".

Erreflexiorako garaia

Atrilaren aurrean hitz egin duten ordezkariak bat etorri dira guraso eta irakasleek urteetan zehar egin duten lanaren garrantziaz, euskara eta bere kultura bultzatzen duen hezkuntza propioan sinetsi baitute beti. Hala ere, autokritika ere erabili da. Bildarratzek indarrei eta, era berean, ahuleziei arreta jartzeko beharra aipatu du. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, berariaz aipatu gabe, hezkuntza itun berriaren inguruan sortutako eztabaida eta Euskal Hezkuntza lege berri baten premia adierazi ditu.

"Azken urteak eta pandemiak erakutsi digute erronkak askoz errazago lortzen direla elkarrekin jardunez gero", nabarmendu du Bildarratzek, eta etorkizuneko "erronka garrantzitsuen" aurrean, "eztabaida antzuetan" ez sartzeko gomendatu die hezkuntza eragileei. "Une honetan lan egitea dagokigu, eta, batez ere, hezkuntza-eragileei, teknikariei eta hezkuntzaz dakizuenei dagokizue. Badakigu non dauden arazoak, ezagutzen ditugu. Orain irtenbide posibleak bilatu behar ditugu", azpimarratu du. "Ziur nago, ikusten ari naizenagatik, alderdi politikoek lagunduko zaituztetela, erakusten dituzuen kezkak aurrera eramateko", gaineratu du.

"Euskara danon artean indartu eta irauli behar dugu", adierazi du Eider Mendozak, euskal hizkuntza bidegurutzean dagoela azalduz. "Ikastolen beharra dugu euskara eta kultura sustatzeko", erantsi du aurretik lan asko dagoela jakitera emanez. "Izango gara baldin eta danon artean egiten badugu".