Datorren larunbatean, irailak 18, Kultura Plazara jaialdiaren programazioaren barruan antolatutako Buruhandi eta Erraldoiak ikusteko ekitaldirako sarrera guztiak agortu egin ditu dagoeneko Tolosako Udalak.

Ikuskizunak izan duen harrera ona eta herritarren erantzuna ikusita, orain arte bezala, buruhaundi eta erraldoien konpartsarekin elkarlanean, emanaldi berria antolatzea adostu dute alde biek.

BURUHANDI ETA ERRALDOIAK IKUSTEKO AUKERA

Bigarren saioa urriaren 9an egingo da, zezen plazan, 18:00etan. Sarrerak aurrerago jarriko dira tolosarren eskura, prezio berean, eta sarrerak noiz eta non eskuratu ahal izango diren denboraz eta ohiko kanaletatik jakinaraziko da.

Udaletik gogorarazi nahi da, emanaldi berezi hauek bizi dugun egoeraren ondorio direla. Indarrean dauden neurriak direla-eta, ezinezkoa da ohiko kalejira egitea, eta ondorioz, herrian hain maitatuak diren buruhandi eta erraldoiak ezin dira kalera irten.

Hori horrela, udalak denbora darama konpartsarekin elkarlanean herriko kulturaren parte diren buruhandi eta erraldoiak herritarrengana hurbiltzeko moduak bilatzen. Emanaldi bereziak antolatu dira horretarako: Gabonetakoa, Kultura Plazarako berria, eta San Joanetakoa, zoritxarrez eguraldiagatik bertan behera geratu zena.

KULTURA BALIOAN JARTZEN JARRAITZEA HELBURU

Kultura Plazara jaialdiaren xedea da kultura balioan jartzea eta tokiko talde eta artisten lana babestea. Pandemia hasi zenetik, Udalak modu berezian eta jarraituan babestu eta sustatu du Tolosako kultur jarduera egitarau ezberdinak antolatuz. Horietan Udalak tokiko talde eta artistak kontratatu ditu beren jardunari eta lanari eusteko, eta horien artean kokatzen da, esaterako, buruhaundi eta erraldoien konpartsa.

Azken talde honen emanaldirako sarrerei prezio sinbolikoa jarri zaie, programazioko beste ikuskizunei bezala, buruhandi eta erraldoien lanari eta gainerako kultur eragile, talde eta artisten lanari balioa emateko. Hori baita Kultura Plazara jaialdiaren helburua eta udalak udazkenerako antolatutako kultur programazioarena ere: kulturari duen balioa aitortzea eta kultur jarduera babestea, kultur zaletasuna sustatuz, kultur sormena bultzatuz eta arte eszeniko ezberdinei ikusgarritasuna eta babesa emanez.