UEMAk aurtengo lehen batzar nagusia egin zuen Amasa-Villabonan. Hori amaitutakoan, 30. urteurrena gogoratzeko ekitaldi xumea egin zuten Gurea antzokian. Euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkariak izan ziren bertan, eta UEMAk 30 urte hauetan egindako bideari errepasoa eman zioten.

“Oso ondo baloratzen dut eta ilusio berezia egiten dit UEMAk 90 herri izatera iristeak. Neurri batean, garbi dago proiektuak oso bide emankorra izan duela eta baita jendeak oraindik beharrizan hori ikusten duela ere. Bestalde, egonkortzen eta sendotzen ari den mankomunitate bat dela ikusten dugu”, azaldu zuen Iraitz Lazkanok, UEMAko lehendakariak. Euskal Herrian, gaur egun, 140 udalerri euskaldun daude (euskaldunen indizea %70etik gora dutenak). Esan bezala, horietatik 90 dira UEMAko kide. Hala ere, Lazkanoren arabera, kopuru hori pixkaka areagotzen joango da. “Hein handi batean, garbi daukat ez garela 90 herritan geldituko eta poliki-poliki euskaldunen lurgune hori zabaltzen joango dela. Guretzako erronka bat da eta urtez urte joango gara lan hori egiten”, nabarmendu zuen.

Etorkizuna alde batera utzita eta iraganari erreparatuz, UEMAk bere sorreran aurrera jarraitzeko egin behar izan zuen lana aipatu behar da. 1991n estatutuak onartu ondoren, 1992ko apirilean erregistratu zuten mankomunitatea. Izaera juridikoa hartu zuen, eta UEMA udalak biltzen zituen mankomunitatea izanik, erakunde publikoa ere bihurtu zen. Lehenengo 19 herri haietako udalek euskalduntzeko behar zituzten baliabideak eskaintzen eta ematen hasi zen UEMA.

Udalen funtzionamendua euskaratzeko lan handia egin behar izan zuen mankomunitateak. “Kontuan izan behar da garai hartan administrazioan euskara apenas erabiltzen zela. Hau da, dokumentazio ia guztia gaztelania hutsean egiten zen eta sekulako esfortzua egin da udaletxeen funtzionamendua euskaraz izan dadin bermatzen. Udaletxe ba-tzuk ia euskara hutsean funtziona-tzera iritsi gara eta horrek lan itzela suposatu du”, aitortu zuenu Lazkanok.

Denboraren poderioz, udal berriak gehitzen joan ziren, eta arazo administratiboak eta oztopo juridikoak ere iritsi ziren. 1995ean Espainiako Epaitegi Gorenak UEMAren estatutuak ez legezkotzat jo zituen, eta mankomunitateak estatutuak berritu eta egokitu behar izan zituen, beti ere hasierako helburuei, funtzionamenduari eta lanari eutsiz.

Azkenean, udalak euskalduntzeko borondatea erakutsi zuten udalerri euskaldunek, eta helegiteei eta epaiei aurre eginez, euskaraz lanean jarraitzeko erabakia hartu zuten.

udalerriak euskalduntzea

Udalen euskalduntzeaz gain, udalerriak euskalduntzea ere beharrezkoa zela ikusi zuen eta duela hamar urte inguru lan ildo horri ekin zion. Horren baitan, garrantzitsuenetakoa, UEMAko kide diren eskola guztietara heltzen den Hedatu hezkun-tza proiektua da. Euskararen arnasguneen eta hizkuntza ekologiaren garrantzia ikusaraztea da horren asmoa. “Oso hezkuntza proiektu indartsua da, pedagogia aldetik oso lanketa ona dago eginda eta ikastetxeek gustura hartzen dute”, azaldu zuen.

Arnasguneak euskararen erabilera oso altua duten herriak dira, %75-80tik gora. UEMAko kide diren herrien artean, 50 inguru dira arnasguneak. Udalerriak euskalduntzeko prozesua ikasgeletatik aisialdira eramaten ere ahalegindu da UEMA azken urteotan, eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatzen ditu gaur egun. Aurten marka guztiak hautsi dituzte, eta ia 300 lagunek eman dute izena, nahiz eta soilik 60 lagunentzako lekua izan.

“Egia esan, arrakasta itzela izaten ari dira udaleku horiek. Gure helburua udalerri euskaldun desberdinetako gazteak elkarrekin harremanetan jartzea eta beste herri batzuetako errealitateak ezagutzea da. Baloratu beharko dugu hurrengo urteei begira ea gure eskaintza handitzea posible den edo ez”, nabarmendu zuen Lazkanok.

Baina haurrak eta gazteak ez ezik, herritar oro euskalduntzea eta ahalduntzea da UEMAren helburua. Horretara dator, adibidez, mankomunitateak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin abiarazitako Arnasa gara kanpaina, euskararen arnasguneen garran-tzia ikusarazteko eta aldarrikatzeko balio duena. “Sare sozialen bidez zabaltzeko moduko zortzi bideo laburrekin euskaldunok egunerokotasunean bizitzen ditugun eszenak umorez lantzea izan da helburua eta oihartzun handia izan du kanpainak. Arrakastaren giltzarrietako bat umorea izan da, denok identifikatuta sentitzeko eta aldi berean mezua errazago sartzeko aukera ematen baitu”, adierazi zuen.

Amaitzeko, UEMAren beste ildo bat udalerri euskaldunen zaintza eta garapena da, eta horren harira antolatzen dira Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak, Eragin Linguistikaren Ebaluazioa edo Iñaki Arregi ikerketa beka, besteak beste.