Mundu osoa aztoratzen duen birusaren tokiko aldaera “arraro” eta “kezkagarria” agertu da Bordelen eta bertako osasun agintariek txertaketa zentro berria zabaldu dute ahal bezainbat herritar lehen bai lehen babestu ahal izateko datozen egunetan. Agerraldi berriak 50 lagun kutsatu ditu jadanik. “Denak etxean daude, gazteak eta asintomatikoak dira” azaldu du Denis Malvy Bordeleko erietxeko infekzio adituak. “Gaitzaren tokiko aldaera hori aldaera britaniarraren mutazio berria da”. Deseskalatzearen bigarren etapa hasi den aste berean jakin da tokiko aldaera berriaren albistea.

Zazpi hilabeteko hestearen ondotik, terrazek eta kulturguneek ateak ireki ahal izan zituzten joan den asteazkenean Ipar Euskal Herrian, eta lau hilabetez itxita egon diren merkatal gune handiek ere ongi etorria egiten diete berriz erosleei. Orain, tunelaren bukaera ikusten hasi direlakoan, herritar asko pozik agertu da eta asteazken goizetik terrazaz terraza dabiltza, ia ia jai giroan. “Lehen bezala, pozik gaude atsegina baita eguzkipean eta lagun giroan egotea trago baten hartzeko. Plazerra!” bota dute Miarritzeko itsas bazterreko ostatu bateko hainbat bezerok. Aspaldiko partez, Joanes eta Tomasek ere kafea elkarrekin edan ahal izan dute Baionako azokan dagoen taberna batean. “Oso pozik gaude ixtea luzea izan baita. Gure ohiturak dira azkenean: maiz lagunekin biltzea eta falta sumatu dugu. Jenda nekatua zen” dio Joanesek. “Bizia berriz hasten da, orain arte etxez etxe ibili behar genuen lagunekin eta gero kanpoan beldur ginen beti isunak jasotzea” adierazi du Iban miarriztar gazteak.

Tabernek terrazen ohiko edukieraren erdia erabili dezakete oraingoz eta mahai bakoitzean gehienez sei lagun egon daitezke. “Goizeko zortzietan irekitzen ditugu ateak eta plazerra da ikustea Baiona osoan bezala gure terraza laster betetzen dela. Egun guzietarako erreserba asko daukagu” dio Ibai Capot Bar Basque tabernako zerbitzariak. “Lehenengo ohiturak eta erritmoak hartu behar ditugu orain. Zorionez, poliki poliki hasten gara lanean ekainaren bederatzia arte terrazetan bakarrik hartzen baititugu bezeroak. Ordu arte ezin izanen da ostatu eta jatetxe barnera sartu”. Iñaki Galtzagorri “Au Petit Bistro” Baionako ostatuko langilea iritzi berekoa da: “Kezka asko izan dugu aurten, orain ongi gaude eta kasu emanez horrela segituko dugu. Prest gara bizi normalagoa egiteko eta gure bezeroek besta piska bat nahi dute bihotzean. Askok eskerrak ematen dizkigute”. Joan den urritik, ostalari gutxi batzuen lana eramateko janaria prestatzean mugatu da eta inork ez du ahantzi larogei egunez itxita egon zirela ere joan den udaberrian lehen itxialdi orokorra egin zelarik. Frantziako gobernuak diru laguntzak eta erraztasunak eman dituenez, orain arte gehienek iraun ahal izan dute ateak betiko itxi behar izan gabe. Dena den, prestamuen zati bat itzultzen hasi beharko dutelarik arazoak sor daitezkela ohartarazi dute.

Ekainaren bederatzia arte edukiera %35ean mugatua dago antzokietan eta zinemetan, eta arratsetan ezin dute emanaldirik eskaini etxeratze agindua gaueko bederatzietan finkatua baita, ordu arte baino bi ordu gehiago. Baionako euskal museoak, Sarako lezeek edo Miarritzeko itsas erakustokiak ateak zabaldu dituzte berriz. Kantaldiak eta erakustokiak preziatzen ahal dira ere. Miarritzen Le Petit Bijou kabaretak udan zabalduko ditu ateak gauez ezin baita publikorik hartu. “Frantziako gobernuak neurriak arindu ditu, baina gure kasuan, hain jende gutxirekin eta gauez lanik egin gabe, jarduera ez da errentagarria. Eski estazioei udan lan egiteko baimena eman izan baliete bezalako neurria da” kritikatu dute bertako arduradunek.

Ipar Euskal Herria eta Biarnoa lotzen dituen Pirineo Atlantikoetako departamenduan 65 kasu daude 100 000 biztanleko eta positibotasun tasa %2koa da. Bertako ospitaleetan 80 paziente artatzen dituzte oraindik, horietatik hamar suspertze zerbitzuetan. Pandemia hasi zenetik 471 lagun zendu dira Paue eta Baiona bezalako erietxeetan. txertaketa kanpainak segitzen du eta biztanleen %39k lehen dosia jaso du, %20 osoki imunizatua dagoelarik.