BILBO. Hilabete gutxi barru, urrian konkretuki, Blockchain Teknologia eta Kriptoekonomiako berezko masterraren bigarren edizioa hasiko du Euskal Herriko Unibertsitateak. Bada, oraingo honetan, Kutxabankek beka berri bat eskainiko du ikasketa hauek garatzen dituzten ikasleentzat.

Urtebeteko iraupena izango du eta 60 ECTS kreditu emango ditu. Matematikan, Fisikan, ingeniaritzan, Ekonomian eta antzeko espezialitateetan prestaketa sendoa duten lagunei zuzendua izango da. Aurrez-aurreko ikasketak Zientzia eta Teknologiako Fakultatean (Leioa-Erandion) ematen dira, astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 19:00etara.

2020/2021 ikasturtean berezko master honen lehen edizioa egin da, 'blockchain' teknologiaren oinarriak zabaltzeko eta espezialitate honek gizartean eta industrian dituen erabilerak sakontzeko helburuekin.

Graduondoko honetan parte-hartu dutenek enpresetan praktikak egin ahal izan dituzte, eta hauetan beren master amaierako lanak ere burutu ahal izango dituzte.

'Blockchain' disziplina eta ezagutza-esparru ugari batzen dituen teknologia da, kriptografia, sistema distributiboak, jokoen teoria, moneta-ekonomia, informatika hizkuntzak edo sistemak, eta segurtasun informatikoa, besteak beste. Horregatik, masterraren helburu nagusia metodologia ugariko ikuspegia duen egitaraua prestatzea izan da.

Horretarako, UPV/EHU bertako irakasleek eta ikertzaileek parte hartu dute, kualifikazio handia duten kanpoko profesional espezialisten laguntzarekin. Hain zuzen ere, masterreko irakasleen erdia baino gehiago Unibertsitatetik kanpokoak dira, tartean Kutxabankeko adituak.

Mugikortasunarekin, analitika aurreratuarekin, biometriarekin, inteligentzia artifizialarekin eta 'blockchain'ekin duten esperientzia aintzat izanik, datorren ikasturtean beren ezagutza azaltzen jarraituko dute Kutxabankeko profesionalek, geroz eta teknologo gehiago erabiltzen ari den negozio-esparrua baita banka.

Gainera, eta bertako talentua atxikitzeko abian jarri duen apustuarekin bat eginez, bankuko profesional hauek beren hitzaldietan sortutako baliabide ekonomikoak Kutxabankek emango duen beka hornitzeko erabiliko dira.