BILBO. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, % 75,9 jaitsi dira Euskal Autonomia Erkidegora iritsi diren atzerritar jatorriko pertsonen kopurua, Ikuspegi - Inmigrazioaren Euskal Behatokiak egindako ikerketaren arabera.

Migrazio-fluxuen geldialdi horrek ez du eragin bera izan jatorri guztietan. Latinoamerika izan da eraginik handiena jasan duena termino absolutuetan; izan ere, azken urteotan emaile nagusia izan da. Horrela, 2019 eta 2020 artean 14.116 pertsona iritsi ziren EAEra Latinoamerikatik, eta 2020 eta 2021 artean 3.873. Horrek adierazten du iritsierek % 72,6 egin zutela behera.

Lan-dimentsioari dagokionez, pandemiaren lehenengo olatuarekin batera nabarmen murriztu zen Euskadiko atzerritar jatorriko pertsona aktibo eta okupatuen bolumena, eta gora egin zuen horien langabezia-tasak, gainerako biztanleen kasuan bezala. Hala eta guztiz ere, hurrengo hilabeteetan atzerritar biztanleen bolumena oso azkar leheneratu zen, eta urtea amaitzean datuak 2019koak baino hobeak ziren. Generoa kontuan hartuta, covid-19ak eragin handiagoa izan du emakume atzerritarrengan, eta kasu horretan langabezia-tasa gizonena baino nabarmen da handiagoa oraindik ere.

Atzerritar jatorriko biztanleentzat [O2] gogorrena izan den aldia, 2020ko otsailetik apirilera bitartekoa, sakonduz gero, ikusten da atzerritarren Gizarte Segurantzako afiliazioak % 7,8 egin zuela behera. Bestalde, 2020ko apirilean otsailean baino 6.225 kontratu gutxiago (% 59,4 gutxiago) sinatu ziren, eta zerbitzuen sektorea izan zen kaltetuena.

Euskal gizartearen jarrerei dagokienez, covid-19ak eragin duen krisi sanitario, ekonomiko eta psikosozialari erantzun dio egoera zailean dauden pertsonekiko ulerberagoa eta solidarioagoa izanda eta immigrazioarekiko jarrera toleranteagoak erakutsita. Alde horretatik, begi onez ikusten ditu osasun-laguntza behar duen edozein pertsonak, jatorria edozein izanik ere, osasun-laguntza hori jasotzea (% 91,0) edo gizarte-laguntzak behar dituenak laguntza horiek jasotzea (% 65,0), bai eta premia-egoeran lanpostuak betetzeko ezohiko erregularizazioak egin ahal izatea ere (% 72,7).