BILBO. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, ohikoa den baino egoitza kopuru handiagoa izango du aurtengo Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioak. Euskal Herriko Unibertsitatearen hiru campusak, BEC, FICOBA eta Iradier Arena izango dira azterketak egiteko lekuak. Aurten ekainaren 8, 9 eta 10ean (ohiko deialdia) eta uztailaren 6, 7 eta 8an (ezohiko deialdia) egingo dira.

Egungo egoera dela eta, euskal unibertsitate publikoak eta gobernuak ohikoa den baino egoitza kopuru handiagoa mantendu dute, azterketak osasun baldintza onenetan egin daitezen. Hori horrela, UPV/EHUren hiru campusetako ohiko azterketa lekuei, gehitu egin zaizkie BEC, Bizkaian; FICOBA, Gipuzkoan, eta Iradier Arena, Araban.

Iazko esperientzia ona kontuan hartuta, ordutegia berregin da, higiene, osasun eta antolakuntza neurriak betetzen direla bermatzeko, hala nola ikasleen itxarote eta atseden tarteak hobetzeko. Parte hartzaile bakoitzak azterketa egiteko materiala eraman beharko du (bolaluma, erregelak, kalkulagailua€), eta une oro mantendu beharko du ezarritako gutxieneko segurtasun distantzia. Maskara etengabe erabiltzea ere derrigorrezkoa izango da. Pertsona guztiek eskuak garbituko dituzte ikasgelara sartu aurretik, uraz eta xaboiaz edo sarreran ipiniko diren ontzietako gel edo soluzio hidroalkoholikoaz. Betiere dagokion epaimahaiaren presidente edota idazkariak emandako jarraibideak jarraitu behar izango dira.

USEren AZTERKETAK BERREGITURATZEA

Bestetik, covid-19aren pandemiak sortu duen ezohiko egoera dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Hezkuntza Sailak adostu dute 2020an ezarritako USEko gaien azterketak berregituratzea mantenduko da. Funtsean, berregituraketa datza azterketa bakoitzaren hautazkotasuna handitzean, aukera emanez nahasteko, modu ordenatuan eta galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera, azterketa bakoitzaren A eta B aukeretako galderak. Ereduak, orientabideak eta ebaluazio eta zuzenketa irizpideak ikasturte hasieran ezarri ziren, eta probarako erabiltzen ohi direnak dira.

Laura Vozmedianok, Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordeak, hauxe adierazi du: "2021eko Unibertsitatera Sartzeko proba antolatzeko printzipio gidariak izan dira alderdi akademikoan objektibotasunari eustea eta parte-hartzaile guztien segurtasuna aukera-berdintasunean bermatzea. Gainera, ikasturte honetan osasun-larrialdiak ikasle gehienei aparteko egoera ezarri dienez, pandemiaren ondoren ezarritako azterketa-eredu malguagoari eustea erabaki da. Antolakuntza onaren garrantziaz konbentzituta, berrikuntza gisa, aurten egoitza berriak gehitu dizkiegu dagoeneko ohikoak diren zentroei".