2021-2022 ikasturtean

UPV/EHUk 142 master eta 66 doktorego programa eskainiko ditu

23.03.2021 | 18:23

BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateak 108 master, 64 berezko titulu eta 66 doktorego programa eskainiko ditu 2021-2022 ikasturtean. 

108 unibertsitate masterren eskaintzan nabarmentzekoa da estatuko eta atzerriko beste unibertsitate batzuekin batera antolatutako programen kopuru handia. Horrela, UPV/EHUk zortzi Erasmus Mundus master eskainiko ditu, eta horietako hiruk EACEA agentzia europarraren aitortza berritua dute (Education, Audiovisual and Culture Executive Agency). Erasmus Mundus master eskaintza zabalena duen Estatuko unibertsitateetako bat da. Garrantzitsua da azpimarratzea Erasmus Mundus masterrak 14 bakarrik ari direla koordinatzen Espainiako unibertsitateetatik eta horietatik 5 UPV/EHUkoak direla.

Unibertsitateko master horien artean, gainera, prestakuntza dualean emandako masterrak daude (Fabrikazio Digitala, Sistema Txertatuen Ingeniaritza eta Multimedia Kazetaritza) eta nazioartekotze zigiluarekin (Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua, Kontrola Sare Elektriko Adimentsu eta Sorkuntza Banatuan, eta Ekonomia: Aplikazio Enpiriko eta Politikak), biak ere Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak (Unibasq) aitortuak.

Unibertsitate-master bat egin nahi duten guztiek martxoaren 29tik maiatzaren 14ra eman ahal izango dute izena, eta hori ezinbestekoa da matrikula egin ahal izateko.

Berezko tituluei dagokienez, hau da, Unibertsitateak berak espezializazio handiarekin eta lanbide-orientazio argiarekin antolatutako irakaskuntzei dagokienez, UPV/EHUk, kasu batzuetan, modulu-egitura bat eskaintzen du, ikasketak mailaz maila eta ikasleen premiekin bat etorriz egitea ahalbidetzen duena. Beraz, egitura modular horiei dagozkien aditu-tituluak kontuan hartuz gero, Euskal Herriko Unibertsitateak 122 titulu propio izango ditu datorren ikasturtean. Berrikuntza gisa, Ilustrazio Zientifikoa hurrengo ikasturtean master moduan eskainiko da, Diasporari buruzko Unibertsitate Espezialista titulua ematen hasiko dira, bai eta Farmakutsaduran eta Gizarte Ekintzako Testuinguruen Gainbegiratzean unibertsitate-aditu tituluak ere. Era berean, online prestakuntzaren aldeko apustua nabarmendu behar da, euskaraz eta ingelesez, Mikologia Medikoa, Haur eta Gazte Literatura eta Formakuntza Literarioa edo Haur Hezkuntzako Irakaskuntza Bereziko Irakaskuntza Integratua titulu berriekin.

Berezko master eta graduondoetarako izen ematea maiatzaren 4an hasiko da.

UPV/EHUk datorren ikasturterako graduondoko eskaintza 66 doktorego-programek borobiltzen dute. Eskaintza horrek ezagutza-adar guztiak hartzen ditu eta doktorego-tesia irakurtzera darama, eta ikasleak harremanetan jartzen ditu, unibertsitateko ikerketa-taldeekin ez ezik, teknologia-zentroekin, enpresekin eta erakundeekin eta ospe handiko nazioarteko ikerketa-taldeekin ere.

Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordearen iritziz, "UPV/EHUren graduondoko eta etengabeko prestakuntzako eskaintza nazioartekoa eta kalitatezkoa da, eta, era berean, bere ingurune sozioekonomikoaren premia askori erantzuten die. Lanean jarraituko dugu eskaintza hori gero eta egokiagoa izan dadin gizarte, lanbide eta ikerketa beharretara.

GRADUKO ESKAINTZA

Graduondoko eskaintzaz gain, datorren ikasturtean UPV/EHUn ikasi ahal izango diren 103 graduetako bakoitzak zenbat plaza izango dituen ere onartu zuen joan den astean unibertsitateak egindako Gobernu Kontseiluak. Hiru titulaziok soilik izan dituzte aldaketak: Odontologiako graduan, lehen mailako plazak 35etik 40ra igo dira; Zuzenbidean, Bizkaiko Campusean, 90etik 99ra; eta Negozioen Kudeaketan, 220tik 200era pasatu dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko eta Goi Mailako Heziketa Zikloetako azken mailako ikasleek izena emateko epea zabalik dago martxoaren 31ra arte.

noticias de deia