TOLOSA. Inguruko argiztapena indartu eta gero, Tolosako Udalak amaitutzat eman ditu Larramendiko biribilgunea egonkortzeko lanak.

Biribilgunea diseinatu eta erdiko irlatxo eta plataforma eraiki dira, zoladura konpondu da, seinaleztapen horizontal zein bertikala egokitu eta hobetu da, oinezkoentzako babes-hesiak jarri dira arriskua dagoen zatietan egurrezko eta altzairuzko hesi mistoak erabilita eta oinezkoentzako pasabideetako galtzada-arrapalak murriztu dira eremua irisgarriagoa izan dadin. Bide argiztapena indartu da, semaforoak kendu dira, baita dauden bide marrak ere.

“Tolosa Badabil” Mugikortasun Plan berriaren baitan, irailean egin zen Larramendi eta Ibaiondoko kaleen eta Arrameleko zubiaren arteko bidegurutzea biribilgune bihurtzeko froga, trafiko fluxuak arintzeko helburuarekin. Frogaren emaitzak adierazgarriak izan ziren: auto ilarak ia desagertu eta oinezkoen zirkulazioa arindu zen semaforoak kenduta. Izandako arrakasta eta herritarren harrera ona ikusita, Udalak biribilgunea egonkortzeko lanak abiarazi zituen urtarrilean.

ETENGABEKO HOBEKUNTZAN

Biribilgunearen egonkortze lanak amaitu badira ere, Udalak eremuaren jarraipena eta azterketa egingo du, eta hobetu beharreko alorrik identifikatuz gero, neurriak hartuko ditu.

Bestalde, aurten haurren ongizate fisiko eta emozionala bultzatzeko Eskolabideak partaidetza prozesuaren baitan, ikastetxe eta ikasleekin landuko da eremu hau, haien ikuspegia barne hartuta, hobetzekorik antzematen bada, hobekuntzak proposatzeko.

AURRERA BEGIRA, EREMUAREN ERABERRITZE INTEGRALA

Larramendiko biribilgunea egonkortzeko lanak amaituta, etorkizunera begira, eremua bere osotasunean egokitzeko proiektu integrala landuko du Udalak, motordun trafikoa eta oinezkoen eta txirrinduen mugikortasuna kontuan izango dituena, espazioa egokia eta irisgarria izan dadin guztientzat.

Aipatu proiektu integrala URA Ur Agentziarekin harremanetan landu beharko du Udalak, eremuaren uholdegarritasuna dela-eta. Momentu honetan, gainera, URA Ur Agentziak martxan du Tolosako erdigunearen uholdegarritasunari aurre egiteko proiektua idazteko lizitazioa. Proiektua idatzi ondoren, ekintza plana garatuko du UR Agentziak, eta lanketa guzti horrek eragin zuzena izan dezake eremu osoan, Arrameleko zubian eta hau zabaltzeko aukeran, esaterako. Beraz, modu koordinatuan landu beharko du Udalak datozen urteetan eremua modu integralean eraberritzeko behin betiko proiektua.