BILBO. Autismoaren espektroko nahasmendua eta hizkuntzaren garapen nahasmendua profilak diagnostikatzeko eta ezagutzeko lagungarriak izan daitezkeen hizkuntzaren garapenean giltzarri diren elementuak identifikatzea du helburu Euskal Herriko Unibertsitateko Language in Neurodiversity Lab (Lindy Lab) taldeak, Autismo Araba elkartearekin batera, hizkuntzaren ezohiko garapenari buruz egiten ari den lanak.

Lindy Lab taldeko kideak bai ikerketaren, bai praktikaren esparruetakoak dira: batetik, unibertsitate eta zientzia arloetako ikertzaileak daude eta, bestetik, AENa edo HGNa dutenei eta haien familiei arreta eta laguntza ematen dieten inguruneetan esku hartzen eta diagnostikoak egiten dituzten pertsonak. Bi helburu dituzte beren lanean: AENa eta HGNa dutenen hizkuntza eta adimen gaitasunei buruzko ezagutza handitzea eta haiekin elkarlanean ari diren pertsonei eta familiei onura bat eskaintzea.

Autismo Araba elkartearekin eta autismoa edo hizkuntzaren garapeneko arazoak dituzten pertsonekin lan egiten duten beste erakunde batzuekin elkarlanean, pertsona interesdun guztiei test psikometrikoak egiten ari zaizkie, autismoa diagnostikatzeko ADOS-2 testa barne. Horrela, familiek beren seme-alaben adimen, hizkuntza, komunikazio eta gizarte gaitasunen argazki bat lortzen dute. Une honetan, Arabako lurraldean test hori egiten duen eragile bakarra da.

HGNak hizkuntzaz jabetzeko zailtasunak sortzen dizkie ez entzumen desgaitasunik, ez garapen atzeratasunaren beste inolako kausarik ez duten umeei. Jatorria ezezaguna da, baina azterlan gehienek alterazio genetikoekin lotzen dute. Bestetik, AENa gaixotasun multzo bat da. Horien ezaugarriak gizarte jokabidea, komunikazioa eta lengoaia alteratuta izatea -hainbat mailatako alterazioa izan daiteke- eta interes eta jarduera multzo murritz, estereotipatu eta errepikakorrak izatea dira. Askotariko faktoreek eragiten dute nahasmendu hori; besteak beste, genetikoak eta ingurumenekoak izan daitezke.

Autismoa Diagnostikatzeko Behaketa Eskala-2 (ADOS-2) komunikazioa, gizarte elkarrekintza eta jolasa edo materialen erabilera irudimentsua neurtzeko ebaluazio estandarizatu eta erdiegituratu bat da, ustez autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonei zuzendua. Ebaluatzaileak AENa diagnostikatzeko esanguratsuak diren jokabide sozial eta komunikatibo jakin batzuk dauden edo ez ikusteko testuinguru estandarizatu batzuk ematen dituzten jarduera multzo batez osatuta dago.

Lindy Lab taldearen lanari esker, gurasoek testak nola egiten diren ikusi eta haien seme-alaben indarrak eta ahuleziak zein diren in situ irudikatu dezakete. Gainera, ADOSen kasuan, bideoa eta puntuazio haiekin batera errepasatzen dira.

Hizkuntzaren garapeneko ezohiko bilakaerak elkarren artean oso ezberdinak dira. Autismoaren espektroko nahasmenduak (AEN) ardatz hartuta ere, heterogeneotasun izugarria ikusten da. «Esparru honetan oso ohikoa da azterketetako emaitzak ez errepikatzea, neurri batean heterogeneotasun horren eraginez. Gure helburua ez da talde jakin batek -adibidez AENa dutenek- hizkuntzarekin lotuta dituen arazoak identifikatzea, baizik eta azpitalde batzuentzat problematikoak izan daitezkeen elementuak aurkitzea eta, hala, bai hobeto ulertzeko, bai diagnostikorako tresna zehatzagoak lortzeko baldintzak sortzea», nabarmendu du taldeak.