BILBO. Sexu abusuak pairatu dituzten haurrekin eta familiarekin izandako prozesu terapeutikoaz gain adingabeen abusatzaileekin izandako esku hartze terapeutikoa lantzen ditu Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Klinikoko katedradun Enrique Echeburúak eta Cristina Guerricaechevarria psikologoak argitaratu berri duten liburua. Bertan benetako kasu kliniko batzuk barne hartu dira (egileen esperientzia klinikoaren isla), biktimen eta sexu erasotzaileen tratamenduari buruzkoak.

Haurrez abusatzea da gure gizarteko gai polemikoenetako bat. Haurren aurkako indarkeria mota okerrenetako bat da, eta indarkeria horren ondorioek, tratamendu psikologiko egokia jasotzen ez badute, bizitza osorako kalteak eragin diezazkiokete biktimari. Gaur egun, irtenbide berriak eskatzen dituzten fenomeno berriak gertatzen dira. "Izan ere, adibidez -Enrique Echeburúa Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Klinikoko katedradunak adierazi duenez-, taldean egindako sexu erasoek edo teknologia berriak sartzeak adingabeenganako sexu abusu modu berriak ekarri dituzte gailu digitalen bitartez, hala nola sextinga edo online groominga. Bestalde, arlo judizialean aldaketa garrantzitsuak izan dira sexu abusuaren biktima izan diren eta horren inguruko salaketa jarri duten adingabeen bigarren mailako biktimizazioa saihesteko. Abusua pairatu duten adingabeen tratamendu judizialean, aurrez eratutako proba eta, oro har, jardunbide egokiak nabarmen garatu dira azken bi hamarkada hauetan. Era berean, sexurako adostasun adina aldatu egin da, lehen 13 urte behar ziren, orain, ordea, 16; delituen preskripzio epea ere aldatu da".

Enrique Echeburúa irakaslearen iritziz, interes psikologiko handiko beste fenomeno bat haurtzaroan pairatutako sexu abusuen berri berandu ematea da, "adingabeak zirenean beren irakasle, begirale edo apaizen abusuak pairatu zituzten helduen kasuan, adibidez. Fenomeno horrek, ikuspegi psikologikotik, azalpen egokia eskatzen du, eta ikuspegi judizialetik, aldiz, delituaren preskripzioa berriz aztertzea edo biktimak konpentsatzeko beste aukera batzuk bilatzea bitartekaritza prozesuetan eta justizia leheneratzailean oinarrituta".

Ikuspegi kliniko eta judizial berri horiek dira Abuso sexual en la infancia. Nuevas perspectivas clínicas y forenses liburuaren haria (Arel argitaletxea, 2021). Enrique Echeburúa irakasleak eta Cristina Guerricaechevarría psikologoak argitaratu berri dute. Egileek haurrekin eta familiarekin egindako prozesu terapeutikoa lantzen dute, baita adingabeen abusatzaileekin izandako esku hartze terapeutikoa ere. Benetako kasu kliniko batzuk barne hartzen dituzte (egileen esperientzia klinikoaren isla), biktimen nahiz sexu erasotzaileen terapiari buruzkoak. "Sexu abusuak pairatu dituzten adingabe gehienei kalte egin die esperientziak. Eta, garrantzitsuena dena, sortutako ondoezak jarraitu egiten du helduaroan, baldin eta tratamendu psikologiko egokia jasotzen ez badute. Kasu horietan, hoberena da biktimarekin eta familiarekin aldi berean jardutea modu terapeutikoan. Horrela, haurrekin izandako esku hartzea, oro har, erasotzailea zintzotzeko eta familiak adingabeari laguntzeko duen gaitasuna sustatzeko ahaleginekin batera erabiltzen da", azpimarratu du Echeburúa irakasleak.

Etorkizuneko erronka gisa, egileek sexu abusuaren ondorio psikopatologikoen ezagutzan eta kalteberatasun eta babes faktoreek bitartekari gisa duten zereginean sakontzearen alde egiten dute. "Helburua zera da, adieraztea ez dagoela biktimaren profil bakar bat, banakoen arteko desberdintasunak presente daudela eta ez dagoela erantzun aldaezin bat egoera traumatiko baten aurrean. Egoera traumatiko baten aurrean adingabearen erresilientzia erraztuko duten gakoak lortzea da helburua. Halaber, garrantzitsua da aipatzea herrialde batzuetan sexu abusatzaileekin prebentzio programa goiztiarrak gauzatzeko egin diren ahaleginak, bai adingabeen biktimizazioa saihesteko, bai abusu jokabideetan oraindik inplikatuta ez dauden gizonezko nerabeen artean pedofilia motako fantasia desbideratuak antzemateko", ondorioztatu dute.