GASTEIZ. Gasteizko Udalak 2021erako aurrekontua ahalbidetuko duen akordio politikoa lortu egin du. Horrek hiriaren susperraldi sozial eta ekonomikoari lagunduko dio. Gasteizko alkate Gorka Urtaran, lehen alkateorde Maider Etxebarria eta Iñaki Gurtubai alkateordeak pozik agertu dira Elkarrekin udal taldearekin lortutako akordioa ezaguaraztean.

"Gasteizerako onak diren proiektu, ekimen eta akordioak bultzatzea dugu helburu bakarra. Akordio hau, zalantzarik gabe, horietakoa da. Egin beharrekoa egin dugula uste dugu. Aurrekontu berria edukitzea zen 2021erako finkatu genuen mugarrietako bat, eta lortu dugu", adierazi du Gorka Urtaranek.

Elkarrekin taldeak aurrekontu-akordioa lortzeko erakutsi duen prestutasuna eta erantzukizuna nabarmendu ditu alkateak: "Beste ideologia eta pentsaera bateko taldea da, baina politikagintzan oso garrantzitsuak diren bi gauza partekatzen ditugu: hiriaren interes orokorra defendatzen dugu, alderdien interesen gainetik, eta ikuspegi zabala dugu, elkarlanean aritzera garamatzana, une konplikatu honetan, covid-19ak eragin duen egoera sanitario, ekonomiko eta sozial zail honetatik ateratzeko aukera emango digun aurrekontu bat edukitzeko", nabarmendu du.

Gorka Urtaranek azaldu duenez, hiria berreskuratzeko ekarpen handiagoa egin ahal izango du Udalak akordioari esker, "ahalegin kolektibo horretan askoz hondar-ale gehiago jarri ahal izango ditugu; zehazki, 388 milioi hondar-ale. Ilusio-bide bat urratu dugu gaur", adierazi du, Alfredo Donnayren lan baten izenburua parafraseatuz, "ilusio-bide bat da, murgilduta gauden egoera pandemiko hau lehenbailehen gainditzeko denok egin nahi genukeen bidea."

Maider Etxebarriak azpimarratu duenez, "akordio hau oso garrantzitsua da, Udalak aurrekontu bat izango duelako urte oso gogor bat atzean utzi ondoren. 2021ean asko dugu jokoan, eta azkenean esan dezakegu ekonomia suspertzen, zerbitzu publikoak sendotzen eta okerren daudenei laguntzen lagunduko diguten kontuak izango ditugula". Ildo horretan, adineko pertsonei "arreta berezia" eskainiko diela iragarri du lehen alkateordeak.

Etxebarriak gaineratu duenez, "beste behin ere, akordioa gailendu zaio konfrontazioari. Akordioak lortzen dituzten politikariak ditu Gasteizek. Hori nabarmendu beharra dago, eta are gehiago orain, gizartea klase politikoa gure herrialdeko arazo nagusietako bat delakoan dagoen honetan."

2021erako aurrekontu-proiektuak 388 milioi euroko zenbatekoa du —458.344.818 euro, udal-sozietate eta -erakundeen kontuak gehituz gero— eta, Iñaki Gurtubaik azpimarratu duenez, inbertsio publikoaren hazkunde handiagatik nabarmentzen da —34,4 milioi euro—. Inbertsio horren ondorioz, 521 lanpostu berri izango dira. Eskualdeko Enplegu Planaren bidez kontratatuko diren 200 pertsonak gehituko zaizkio horri, eta Gazteen Enplegu Planeko 70 kontratu berriak.