GASTEIZ. Datorren astelehenean, urtarrilak 18, irekiko ditu ateak Gasteizko San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturalaren jantikiak. Zentroa orain dela hilabete bat zabaldu zen, eta pixkanaka-pixkanaka doaz programak eta zerbitzuak martxan jartzen.

Orain arte informazio, ile-apaindegi eta podologia zerbitzuak ireki dira, eta osasun-parkea eta Piztu zure auzoa programak ere abiatu dira. Astelehenetik aurrera, berriz, jantoki-zerbitzua eskainiko da; orotara 40 pertsonarentzako lekua dago, baina hasieran zortzi erabiltzaile hartuko ditu.

San Martineko jantokiak oraingoz bazkari-txanda bakarra izango du, 13:30etik 15:30era, baina erabiltzaileen kopurua handitu ahala bigarren txanda egokituko da; erabiltzaile guztiek gizarte-balorazioa dute.

Erabiltzaileen osasuna zaindu eta bermatzeko, segurtasun-neurri zorrotzak ezarri dira:

  • Bi metroko tartea mahaien artean.
  • Pertsona bakarra mahai bakoitzeko, edo bi bikotekideak edo elkarrekin bizi diren senideak badira.
  • Sarreran tenperatura hartzea.
  • Eskuak nahitaez garbitzea.
  • Jantziak eta norberaren gauzak poltsa batean gordetzea, ezingo baitira esekitokiak erabili.
  • Jantokia, mahaiak etab. garbitu eta desinfektatzea.

600 LEKUTIK GORA

San Martinekoa irekita, hiriko adinekoentzako zentro soziokulturaletako 10 jantokiek 606 leku eskainiko dituzte guztira; oraingoz, ordea, 456 erabiltzaile daude, hau da, lekuen % 75. Gainera, Araneko jantokian aurten beste 20 leku berri sortzeko asmoa dago.

Adinekoentzako jantokiek ateak itxi behar izan zituzten pandemiaren hasieran, baina iazko ekainean ekin zioten berriro zerbitzu emateari. "Geroztik oso protokolo zorrotzari jarraituz funtzionatu dute, eta espazio horiek seguruak dira osasunaren ikuspuntutik. Oso garrantzitsua da hori, funtsezko zerbitzua baita. Pandemiak zerbait irakatsi badigu hauxe da: adinekoak direla talde ahulenetako bat eta, horrenbestez, jantokia bezalako programa eta zerbitzuak behar dituztela mendekotasun txikiagoa izateko eta osasun fisiko eta emozional hobeaz gozatzeko", adierazi du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.