Euskararen Herri Hizkeren Atlasa osatu du Euskaltzaindiak

Akademiak XI.liburukia aurkeztu du, itsas arrantzari eta gizarte bizitzari lotutako lexikoa lantzen duena. Azken liburukia izango da, 1984n abiatutako egitasmoari amaiera ematen diona

11.12.2020 | 12:45
Adolfo Arejita, Andres Urrutia eta Ibon Urgoiti Bilbon egindako aurkezpenean

Euskaltzaindiak Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren hamaikagarren eta azken liburukia argitaratu du ostiral honetan, hogeita hamasei urteko lanari amaiera ematen diona, eta euskararen normalizazioan "urrats erraldoia" izan dena.

Ahozko euskararen aldaerak jasotzen ditu atlasak, mapetan, eta honakoan, 232 mapa daude orotara. Gaur Bilbon egindako agerraldian azaldu dutenez, itsas arrantzari eta gizarte bizitzari lotutako lexikoa lantzen du, ondorengo gaiak jorratu direlarik: ofizioak eta tresnak; itsasontzia eta eskifaia; itsas arrantza; gizarte-bizitza, pisuak, neurriak, dirua eta koloreak.

Modu horretan, azkena izango den hamaikagarren liburuki honekin atlasa osatu du Akademiak. 1984an abiatutako etapa baten amaiera da, baina etorkizunean "aukera berriak" sortzen direla azpimarratu du Andres Urrutia euskaltzainburuak. "Askotarikoa da 80. hamarkadan jasotako materiala, beste egitasmo batzuk ontzeko baliagarri izan daitekeena", Urrutiaren aburuz.

Proiektuaren zuzendari Adolfo Arejitak bere aldetik, lanaren garrantzia defendatu du: "Atlas honek, euskararen lehenaren ezaguera sendo eta ziur baten oinarriturik, gaur egungo eta geroko euskarak bizirik irauteko eta modernizaziorako zimendu egonkorra eskaintzen digu".

Ildo beretik, Joan Martí ohorezko euskaltzainak hizkuntzaren normalizazioaren bidean Atlasaren ekarpena nabarmendu nahi izan du: "Euskararen Atlasa ontzea pausu garrantzitsua da hizkuntzaren normalizazioa gauzatzeko bide luze eta neketsuan. Euskal hizkuntzaren oinarria baita, hizkuntza bera deskribatu eta bereizten duen lehen mailako ikerlana".

Webgunean ikusgai

Hizkeren atlasaren hamaika liburukiak, Laboral Kutxaren babesarekin argitaratu direnak, webgunean daude kontsultagai jadanik, azkena gaur bertan publikoaren eskura jarri baita. Hala, edonork PDF formatuan eskuratzeko aukera dauka www.euskaltzaindia.eus/ehha -en.

Gainera, horietako batzuk entzungai daude. V eta VI liburukien kasua da, izan ere testu osoak PDF formatuan irakur daitezke, baina lekukoek emandako erantzunak entzuteko aukera ematen du ere Akademiak bere webgunean bertan.

Elkar liburudendetan eskura daiteke liburuki berria, edo Euskaltzaindiaren helbide elektronikora idatziz.

noticias de deia