Azken urteotan eman diren aurrerapausoak nabariak diren arren, pandemiakaurrez aurreko eskolak eten ondoren haur eta gazte askok euskararekin zuten lotura galdu egin dute

Andres Urrutia euskaltzainburuaren esanetan, osasun krisiak "eragin gogorra izan du gizartean oro har, eta euskalgintzaren barruan ere moteltze bat ekarri du". Bere esanetan, "sekulako ahalegina" egin beharko da aurreran-tzean egoera gainditu eta lehengora bueltzako. Kike Amonarrizek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, pandemiak euskara bidegurutzean dagoenaren ideia indartu duela uste du. "Ikusi dugu sektore eta eremu batzuetan hizkuntzaren egoera zein zaurgarria den", adierazten du. Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiaren aburuz, "krisiak egoera ahulago batean dagoenari gehiago eragiten dio". Horrez gain, "lehentasunaren izenean, hizkuntza gutxituetako hiztunak albo batera geratzen direla" nabaritu duela dio.

Eraginak hamaikatxo izan dira. "Hezkuntzaren alorrean haur eta gazte askok euskararekiko zuten gune bakarra eskola zen, eta, ingurune erdaldunetakoak izanik, euskararekin zuten kontaktua galdu egin dute", adierazten du Amonarrizek. "Bagentozen kezka batetik, ikastetxeetako hizkuntza gaitasunarekin zerikusia zuena. Bat-batean haur eta gazte guztiak hainbat hilabetez euskara arnastu gabe egon behar izateak ondorioak utzi ditu. Hizki larriz idazten diren ondorioak dira. Gure normalizazio prozesuaren zati handi bat jokatzen dugu belaunaldi berri euskaldunetan. Errebisatu egin behar dugu", agertzen du Bilbaok.

Enpresetan ere, euskararen erabilerak atzera egin duela dio Amonarrizek, "urgentziaren aitzakipean". Horregatik, "euskara erabiltzeko mekanismoak behar bezala jorratuta ez zeudela" uste du. Kontseiluko idazkari nagusiak pandemiak enpresetan eta merkataritzan utziko dituen ondorioak euskarak ere pairatuko dituela uste du. "Hain justu orain ari ginen eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko jauzia ematen. Ea nola egiten dugu orain euskararena kapritxo bat ez dela ohar daitezen", azaltzen du. Itxialdiak eskubide urraketak ekarri zituela gaineratzen du. "Agerian gelditu zen euskaldunoi normalean baino gehiago urratu zitzaizkigula eskubideak. Ez zen kontuan hartu, adibidez, zein garrantzitsua zen osasun informazioa berezko hizkuntzan jasotzea", irizten du Bilbaok.

Bestelako eremuetan ere nabaria da. Hala nola kulturarekin zerikusia duten ekimenenetan. "Hainbat ekitaldi bertan behera gelditu dira, beste batzuk egokitu egin behar izan dira", dio Topaguneko lehendakariak. Euskaltzaindiaren kasuan, bereziki nozitu dute. "Urtean zehar antolatzen ditugun ekitaldiak garrantzitsuak dira, ahalbidetzen dutelako gizartearekin harremanetan etengabe egotea. Hori ezin egin dugun bitartean beti egongo gara motz eta herren", adierazten du Urrutiak. Harreman sozialetan izan duen eraginaz galdetuta, Paul Bilbaok "jendea biltzea oinarri duten proiektu asko", ikastolen aldeko jaiak, esaterako, bertan behera gelditu direla dio. "Hizkuntza gutxitua garen heinean, komunitate bat garela erakustea gogoko dugu. Krisiaren ondorio bat hori ezin irudikatzea da. Ikusezintasun bat gertatu da", jakinarazten du.

Hala ere, ez da dena bertan behera geratu, mugak muga bihar bukatu behar den Euskaraldiak aurrera egin baitu. "Koronabirusak arrazoi gehiago eman ditu Euskaraldia egiteko, agerbide bat izan da erakusteko badagoela euskararen biziberritzerako herri gogo sendo eta zabal bat. Baita krisiaren irteerak ezin duela euskara baztertu, aitzitik, euskara bultzatuz errazago aterako garelako", argitzen du Amonarrizek. Bere esanetan, balorazioa "oso positiboa" da, milaka lagunek parte hartu baitute, ia aurreko edizioan beste, eta, gainera, askok lehen aldiz. Bestetik, 25.000 arigune baino gehiago sortu dira. Hortaz, bere iritziz, "hurrengo hilabete eta urteetan dinamika hori indartu eta zabaltzeko bultzada bat da".

Eta aurreantzean, zer?

Koronabirusa ez da euskarak bere normalizazio prozesuan aurkitzen duen lehen egiturazko oztopoa. Baina 2008ko krisia, esaterako, ezberdina izan zela uste du Urrutiak. Bere esanetan, orduan ez zegoen funtsik, dirudik. "Orain arazoa ez da baliabiderik ez dagoela, ez bada baliabide horiek gizarteratzeko eta zabaltzeko arazoak daudela", irizten du euskaltzainburuak. Amonarrizen aburuz, eragina izango duela ikusten baldin bada ere, erakundeen eta euskalgintzaren artean kezka konpartitu bat dagoela ere nabari da: euskalgintza zaintzeko ardura. Hala ere, oraindik beharrak handiak direla uste du, eta ahaleginak egiten jarraitzea premiazkoa dela dio. "Aurreko krisian egin genuena egin beharko dugu: ondo asmatu eta lehenetsi", adierazten du Urrutiak. Zentzu horretan, herritarrei zerbitzua emateko diren tresnak hobetsi behar direla uste du.

Genero ikuspegia bezala euskara ere zehar lerro bat izan behar dela defendatzen du Paul Bilbaok. "Politika guztietan kontuan hartu behar da. Eta hizkuntza politika ez da bakarrik egiten dena, egiten ez dena ere bada. Iruditzen zaigu lanketa pedagogiko bat egin behar dela sail guztietan koka dezaten", esplikatzen du. "Bestetik, ingurune digitalari dagokionez, belaunaldi berriak are gehiago pantallizatu, dio. Egoera honetan, euskarak "hiztunak, espazioak eta tresnak" behar dituela adierazten du. Hau da, ikasleen gaitasunekin zer geratzen den errebisatzea eta neurriak hartzea, aisialdia espazio bezala babestea kultura plazara eramateko, eta, dagoeneko ditugun tresnei dagokienez, atzera pausoak ez ematea zaintzea.

Bere aldetik, Andres Urrutiak irabazitakoa galtzeko arriskua beti dagoela dio, ez bakarrik pandemiagatik. "Beti dago hor baldin eta gu ez bagara konturatzen modu trebean aurre egin behar zaiola. Euskara erabili behar da gizartearen fun-tzio guztietan, egunero, ez bakarrik Euskararen Egunean". Ildo beretik, Amonarrizen aburuz, "euskarak aurrera egingo badu, ezinbestekoa da herritarren aktibazioa, erakundeen bultzada eta era guztietako eragileen konpromisoa".

"Koronabirusa agerbide bat izan da erakusteko badagoela euskararen biziberritzerako gogoa"

Topaguneko lehendakaria

"Arazoa ez da baliabiderik ez egotea, baizik eta baliabide horiek gizarteratzea"

Euskaltzainburua

"Euskaldunoi normalean baino gehiago urratu zitzaizkigun eskubideak itxialdia izan zenean"

Kontseiluko idazkari nagusia