Ipar Euskal Herrian konfinamendua ez da oraindik bururatu baina indarrean dauden neurriak arintzen hasi dira. Herritarrek baimen bereziak behar dituzte beti etxetik ateratzeko. Halere ordubeteko eta kilometro bateko ateraldiak askoz zabalagoak dira orain, hiru ordukoak eta hogei kilometrokoak dira eta. Joan den urriaren 30ean hetsi behar izan zuten saltoki ttikiek ateak ireki ahal izan dituzte berriz larunbat honetan. Lehen orduetatik, milaka erosle hurbildu dira hilabete batez hetsiak egon diren merkataritza guneetara. Surfzale eta mendizaleek ere gehien maite duten jarduera berriz hasi ahal izan dute lau astez debekatua egon da eta. Eric Spitz, Frantziako gobernuak Pirineo Atlantikoetan duen ordezkariak azpimarratu du egoera kezkagarria dela oraindik eta indarrean dauden neurriak errespetatu behar direla. "150 polizia eta 350 jendarmek bazterrak zaintzen dituzte. Egun hauetan, 1.667 isun banatu dituzte, hiru mila joan den udaberrian egin zen lehen hetsialdian", zehaztu du.

Osasun egoera hobetzen bada, abendoaren 15ean zinema, antzoki eta museoek ere ateak ireki ahal izanen dituzte eta etxeratze agindua indarrean ezarriko lukete 21:00 eta 6:00 artean. Ostalaritzako profesionalak biziki kezkatuak dira urtarrilaren 20a arte egon beharko baitute, bederen, publikoari harrera berriz egin ahal izateko. Aurten, ateak hetsi behar izan dituztenez bost hilabetez, Baionaldean, kasu, ostalariak kexu taldea sortu dute zenbait protesta egiteko pairatzen duten egoeraz ohartarazteko. Garagarno upel iraungiak ireki eta bota dituzte, adibidez, Frantziako gobernuak Baionan duen ordezkari-tzaren aintzinean. Hitz eman dizkieten diru laguntzak eta neurriak eskasak direla diote, taberna berriki ireki dutenek, adibidez, ezin izanen baitute deus eskuratu.

Izurritea hasi zenetik, 50.000 herritar baino gehiago hil dira Frantziako estatuan, ia 180 Pirineo Atlantikoetan. 27 joan den udaberrian zendu ziren eta beste guziak azken egunetan. Positibitasun tasa %11,8koa da eta ehun mila biztanleko 138 kasu daude azaro hasieran 530 zeudelarik.

Osasun krisiak krisi ekonomikoa eragin du eta garai hauetan hegaldi bakarra dago egunean Miarritzeko aireportuan. Ateak ez dituzte zabaltzen ere astearte eta larunbatetan hegaldi bakarra ere ez dagoelako. Hazparnen, Lauak aeronautika enpresak 150 lagun, langileen herena, kanporatu du joan den martxotik negozio zifra asko apaldu zaielako. LAB sindikatuak protesta egin du informazio eza salatzeko eta erakunde publikoek esku har dezaten aldarrikatzeko. Baionako apezpikuak jakinarazi du ez duela betearaziko 30 lagunen muga berriz hasiko diren elizkizunetan parte hartzeko. Apezak ez direla zaindariak gogoratu du Marc Aillet, eta otoitz lekuak herena arte betetzea proposatu du.