Euskararen ezagutzan serioegi tematu eta erabileraren sustapenean beti ez dela asmatu uste du Miriam Urkiak. Horregatik, jendea erakartzeko, lehen edizioaren arrakasta ikusita, Euskaraldia bezalako formula ludikoagoak beharrezkoak direla ondorioztatzen du. Gainera, hausnarketa bultzatzeko ekimen aproposa dela uste du, ez bakarrik gazteek garai batean zegoen kon-tzientzia eta militantzia nork bere gain hartu dezaten, baizik eta helduek ere bere ohituren inguruko gogoeta egin dezaten. Izan ere, "zenbat guraso daude etxean haurrekin euskaraz egiten dutenak eta haien artean gaztelaniaz, biak euskaradunak izanda?"

Zuzendaritza taldea berritu du Euskaltzaindiak berriki. Haize berriak izango dira akademiaren-tzat, ezta?

—Asmoa hori da, datorren urtetik aurrera hasiko gara. Bi kide atera dira eta beste bi sartu gara. Mendeurrenean gauza berri asko atera ziren aurrera begira lantzeko: digitalizazioa, profesionalizazioa€ Horren inguruan lan dezente dago egiteko. Euskaltzaindia ere XXI. mendean dagoela erakutsi behar dugu.

Zeintzuk izango dira zure fun-tzioak?

—Ni IKER sailburua izango naiz. Ikerketaren inguruko kontuekin arituko naiz. Hasteko jende eta batzorde lantalde guztiekin hitz egin nahiko nuke. Zuzendaritza joango da markatzen zer egin, baina proiektu guztiak saretu beharko ditugu. Digitalizazioa eta nazioartekotzea aipatzen ditugunean, eduki akademikoa daukan materialari lotura eman nahi diogu, batera eskaini eta noranahikotu.

Mendeurrenean 1968ko Arantzazuko biltzarra gogoratu zen. Berau eragin zuen bulkadak bizirik irauten duela esango zenuke?

—Nik uste baietz, beste modu batera. Profesionalizazioa aipatzen dugunean alde horretatik doa. Orain dela 50 urte helburua batzea zen, eta, nolabait, martxan jartzea. Hori lortu da, euskara batua badaukagu eta erabat normalizatuta dago hedabideetan, lan munduan, irakaskuntzan, administrazioan€ Kontua da orain erabilerari indarra ematea. Euskaraldiak erakusten du oraindik bultzada bat behar dela. Arantzazuko biltzarrak oinarriak jarri zituen, orain hori baino gehiago aurrera egin behar da.

Klusterraren azken inkesta nahiko negatiboa omen da. Euskararen kontzientzia ez omen dute gazteek.

—Bai, pena bat da. Ezagutza badaukate, kontua erabilera da. Harrigarria da ze gutxi erabiltzen duten batzuek; baina, gero, aldi berean, beste gauza batzuk ikusten dira: Euskaltzaindiak antolatutako Azkue Sarietara inoiz baino jende gehiago aurkeztu da.

Unitate Didaktiko bat prestatu duzue gazteei zuzenduta.

—Ikastolen Elkartearekin batera, etxetik hasitako hizkuntza politika egitea planteatzen du. Gogoeta egitera bultzatzen zaie gazteei, etxean, lagun artean, kalean, inguruan€ nola funtzionatzen duten eta zer egiten duten pentsatu dezaten. Gaztea nin-tzenean ere gertatzen zitzaigun, gero kontzientzia hartzen duzu. Kontzien-tzia hori orain hartu beharko lukete. Baina helduek ere bai. Zenbat guraso daude etxean haurrekin euskaraz egiten dutenak eta haien artean gaztelaniaz, biak euskaradunak izanda?

Garai batean zegoen militantziarako joera galdu dute gazteek?

—Nik uste gazteei galdetzen badiezu militantzia zer den ideiarik ere ez daukatela. Euskararekin jaio dira, ez dute hautu hori egin behar izan. Haientzako normala da eta ez daukate kontzientziarik. Militantzia hitza ezagutzen dugunok 50 urtetik gorakoak garela esango nuke.

Ezagutzan aurrera egiteko ahalegin gehiegi egin da erabileran ere gakoa dagoela ohartu gabe?

—Beti ez da oso ondo asmatu. Agian serioegi ibili gara eta euskara erakargarriago egin behar da. Euskara ikastera joan den jende asko behartuta sentitu da lanerako behar zuelako. Modu ludikoagoan egingo bagenu, igual jende gehiago hurbilduko litzateke. Non dago formula? Agian Euskaraldia da aukera bat. Aurrekoan ikusi zen zein arrakasta izan zuen, lotsak kentzeko eta gizartearen parte izateko.

Zein erronka planteatzen dira euskararen egunerokotasunean?

—Nagusiena erabilera da. Beste kontu bat, eta nire fijazio pertsonala da, euskaldun zaharren artean euskara gehiago zaintzearena da. Gogorra da esatea baina batzuetan nahiko alfabetatu gabeak gara euskaraz idaztean, askotan hobeto alfabetatuak daude euskarara etorri diren euskaldun berriak euskaldun zaharrak baino. Batzuei euskaraz gaizki idaztea ez zaie inporta; beste batzuek, aldiz, konplexu hori daukatenez, gaztelaniara jo-tzen dute barregarri ez geratzeko. Hor badago lan handi bat egiteko.

Whatsappean, lagun artean, zuzentasunez idatzi beharko genukeela esan nahi duzu?

—Maila formalerako ari naiz, noski. Lagunekin ez baduzu zure euskalkian hitz egiten orduan euskara hil egingo dugu. Izango dugu euskara estandar, hotz, zoragarri bat, baina kolorerik ez daukana. Kolorea eman behar zaio lagunekin Whatsappetik zure euskalkian hitz egitean; baina gero, laneko txosten bat idatzi behar baduzu, ez duzu lagunekin hitz egiten duzun bezala idatziko. Hori da ezberdintasuna. Jende asko ez da laneko kontuak euskaraz egiteko gauza.

Euskara erabiltzeko eskubidea bermatuta al dago?

—Teorian bai, praktikan ez. Orain ez da momenturik onena lanez gainezka daudelako, baina Osakidetzara deituta gaztelaniaz erantzuten dizute. Osakidetza esaten dudan moduan administrazioko beste edozein esparru esan dezaket. Eskubidea badaukagu teorian, baina gero praktikan esaten dizute ez daukatela inor euskaraz artatzeko. Orduan bi aukera dituzu: behar duzuna lortu gabe gelditu edo zure hizkuntza eskubidea galdu.

Hiztegigintza beti doa erabileraren atzetik, baina zerbait erabiltzen hasten den unetik Euskaltzaindiak bere hiztegian jasotzen duenera arte denbora asko pasatzen da.

—Gero eta gutxiago, ikaragarri laburtu da prozesua. Lehen hor urteak joaten ziren. Hile honetan forma berri batzuk lantzen eta berrikusten ari gara, horiek araututa egon daitezke urte bete baino lehenago, kontuan izanda Euskaltzaindiak urtean bi aldiz sareratzen duela informazioa.

Eta zergatik ezin da azkarrago egin?

—Forma batek lekua hartu behar du zuk hori jaso ahal izateko. Batzuk berehala sartzen dira, adibidez, ziklogenesi hitza inork ez ezagutzetik hiztegira iristera pasatu zen denbora laburrean. Hitz batzuk badirudi betidanik ezagutzen ditugula baina berri-berriak dira, ikaragarrizko inpaktua daukate, eta beste batzuk denbora gehiago behar izaten dute. Adibidez, bullying edo eskola jazarpena erabiltzen da gehiago? Lekua utzi behar diegu biei ikusi arte zein nagusitzen den. Euskaltzaindiak ez jasotzea ez du esan nahi erabili ezin denik.

Eta eguneroko jardunean zalantza bat sortzen baldin bada?

—Horretarako beste erakunde ba-tzuk daude. Termino kontuetarako, adibidez, Euskalterm dago, horiek normalean azkarrago joaten dira eta kontsulta puntualei erantzuten diete. Euskaltzaindiak ere badauka Jagonet, eta bertsio berrituan kontsultak askoz ere azkarrago erantzuten dira.

Eremu erdaldunetan bizi diren gazte askorentzat euskara hizkuntza akademikoa da. Euren artean berba egiteko erregistro kolokiala falta zaiela esango zenuke?

—Ez daukate euskalkirik, hori horientzat arazo bat izan daiteke. Erregistro hori sortzen joan behar dute. Orain urte batzuk guk bokata hitza sartu genuen hiztegian, eta jende asko asaldatu egin zen. Oraindik ez dago araututa baina aber sartzea proposatu dugu, hegoaldeko eta lagun arteko forma bezala. Espainol hutsa dela ematen du baina egunean zenbat aldiz esaten dugu? Proba bat egin genuen eta haluzinatu egin genuen. Gero eta gehiago datoz horrelakoak, neurri batean lagundu egin behar du maila jasoa eta lagun artekoa bereizten.

Sarean hizkuntza erraldoiekin konpetitu behar du euskarak.

—Hori ez da euskararen arazoa bakarrik, ingelesa ez den edozein hizkun-tzarena baizik. Teknologikoki euskara gaztelania bezain ondo edo hobeto dagoela ere esango nuke. Kanpotarrentzat hizkuntza berezia izanda, egitura aldetik daukan morfologia konplexuak ikerketa eta lan asko sustatu ditu. Horrek nolabait oso posizio onean jarri gaitu euskara aztertzeko.

Wikipediaren kasua aipatzen da sarritan.

—Bai, Wikipedian, mundu mailan, oso ondo posizionatuta dago euskara, beste gauza bat hizkuntzaren kalitatea da. Gainera esponentziala da, jende askok jotzen duelako bertara bere edukiak erabiltzeko, eta arrisku-tsua izan daiteke gaizki erabiltzen bada. Teknologietan sartzen bagara, hori da gure hurrengo helburua. Heriotza digitalari buruz hitz egiten ari dira hainbat hizkuntzatan, euskarak hor aurrera egin beharra dauka.

Euskaraldia laster abiatuko da. Kontuan izanik Euskaltzaindian beti euskaraz arituko zaretela, zelan bizi duzue zuek?

—Guretzat Euskaraldia urte osoa da, ez daukagu euskararen aldirik. Gero norbanakoak, bere herrian, bere inguruan, bere modura bizi du. Ariguneak berezkoak ditugu. Baina bat egiten dugu Euskaraldiarekin eta babes osoa ematen diogu.

Eta zelan baloratzen duzu gizartean izan duen eragina?

—Oso positiboa da, ikaragarrizko jauzi kualitatiboa izan zen aurreko edizioa. Harrigarria dirudi baina txapa batek askoren bizitza aldatu zuen; ez belarriprestena bakarrik, ahobiziena ere bai. Ardura bezala bizi izan zen: beti gaztelaniaz hitz egin duzun norbaitekin euskaraz egin behar izatea, jakinda euskaraz ez dizula eran-tzungo eta modu arraroan begiratuko dizula. Denoi pentsarazi zigun, eta hori oso inportantea da. Orain pixka bat hoztu da, horregatik inportantea da berriz aktibatzea. Aurtengo Euskaraldian susmoa daukat ariguneak telematikoak izan beharko direla, kalean ez garelako gehiegi ibiliko.

Zelan eragingo dute osasun egoera dela eta hartu diren neurriak?

—Pandemiak ez zekienari bideo deiak eta poteoak egin daitezkeela erakutsi dio. Hor daude ariguneak. Arlo sozioekonomikoarekin lotuta ez da maila informalean egoteko aukera gehiegi egongo eta hor asko galduko da. Aurrez aurrekoan, kafea hartzeko tarteak asko laguntzen du zure txaparekin euskaraz hitz egitera. Baina bideo poteoak egiten badira, trago batekin errazago hasiko da jendea euskaraz hitz egiten. Hor egon liteke irtenbidea.

"Arantzazuko biltzarrak oinarriak jarri zituen, orain hori baino gehiago aurrera egin behar da"

"Gogorra da esatea, baina batzuetan nahiko alfabetatu gabeak gara euskaraz idaztean"

"Beti ez da oso ondo asmatu erabilera sustatzean. Agian serioegi ibili gara eta euskara erakargarriago egin behar da"

"Aurtengo Euskaraldian susmoa daukat ariguneak telematikoak izan beharko direla, kalean ez garelako gehiegi ibiliko"

"Euskaraz artatuak izateko eskubidea badaukagu teorian, baina gero praktikan esaten dizute ez daukatela inor euskaraz artatzeko"

"Oraindik ez dago araututa baina ?aber? sartzea proposatu dugu. Espainol hutsa dirudi baina egunean zenbat aldiz esaten dugu?"