GASTEIZ. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek iragarri duenez, azaroaren 7tik aurrera ez zaie mahaitxoen eta zaborren tasa kobratuko ostalaritza establezimenduei eta jatetxeei, Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak (LABI) atzo egindako bileraren ondoren sektorea ixtea erabaki baitzen. Itxierak irauten duen bitartean etengo da tasaren kobrantza, lehenengo alarma egoeran bezala, eta 1.300 negozio ingururi egingo die mesede.

Urtaranek azaldu duenez, jarduera bertan behera utzi behar izateak ostalaritzan eta jatetxeetan izan dezakeen eraginak sortzen duen kezkak justifikatzen du neurria. Alkateak azpimarratu du, halaber, sektorea ez dela egoeraren errudun. “Ostalaritzaren inguruan erlazionatzeko dugun moduak da arazoa, horrek arrisku-egoerak sorraraz baititzake. Edonola ere, Gasteiz osoa jabetzen da osasun zerbitzuetako profesionalak jasaten ari diren presioaz. Atzo hartutako neurrien helburua osasuna babestea da, hori da lehentasuna“, erantsi du.

Zerga pizgarriekin batera, Gasteizko Udalak zenbait neurri osagarri jarri zituen abian ostalaritza eta jatetxeen sektoreari laguntzeko eta ezarritako murrizketen eragin negatiboak konpentsatzeko, haien ordezkariekin adostutakoak:

  • Erraz desmuntatu daitezkeen egitura estaliak jartzeko baimena.
  • Eguzkilore deritzen kaleetako aparkatzeko lekuetan eta superetxadien barrualdeetako fatxaden aurrealdean mahaitxoak jartzeko baimena.
  • Arkupeetan mahaitxoak jartzeko baimena, etxejabeen erkidegoen oniritzia izanez gero.
  • Gasezko berogailuak instalatzeko baimena.

Orobat, martxan jarraitzen du Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Planak; laguntza eta ekimenen multzo horrek 2,7 milioi euroko aurrekontua du orotara, bost ardatzetan banatuta, eta zati handi bat ostalaritza-sektoreari zuzentzen zaio.

“Udala, gainerako administrazioekin batera, sektoreari laguntzeko neurriak lantzen ari da, eta horiek berrantolatzeko edo daudenak indartzeko aukera ere aztertuko da. Lanean jarraituko dugu, hartutako neurrien eragin negatiboak direla eta sektorea jasaten ari den kaltea nola minimizatu daitekeen ikusteko; neurriak ez dira inoren gustuko, baina guztiz beharrezkoak dira“, amaitu du alkateak.