GASTEIZ. Gasteizko Udalak 623.448,50 euroko aurrekontua bideratuko du Gamarrako ingurua berritu eta hobetzeko. Lanak bost hilabete inguruko iraupena izango dute. Obra hauen helburu nagusia kalea modernizatzea da. Besteak beste, oinezkoentzako espazioa zabaldu eta eraberrituko da, bideak hobetuko, bi norabideko bidegorria egingo, eta zuhaitz eta zuhaixkak landatuko, berdegune berrituan.

Ekonomia Sustapenaren Sailaren Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan sartzen dira eraberritze-obra horiek, eta berariaz eskatuak zituen kale horretako enpresak ordezkatzen dituen Industria Mahaiak. 410 metroko luzeran egingo dira, Kantabrikoaren hiribidetik hasi eta Santo Tomas Ibaiaren plazaraino.

"Inbertsio estrategikoa funtsezkoa da une honetan industrialdeei bultzada bat eman eta Gasteizko eraztun industriala sendotzeko", azaldu du lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak.

"Esku-hartze honi esker, mugikortasun iraunkorrerako sarea osatzen jarraituko dugu, oinezkoentzako eta bizikletentzako alternatibak eskainiz eta industrialdeak hiri kontsolidatuarekin lotuz. Izan ere, lanerako joan-etorrien % 25 inguru ibilgailu pribatuz egiten dira, eta joera horri buelta eman behar diogu", azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

Gaur egun, zuhaitzek espaloia ia osorik hartzen dute, kaleak trafiko handia jasaten du puntako orduetan, eta argiztapen-gabeziak daude, Gamarrako atea oinezko eta txirrindularientzat erakargarritasun gutxiko toki egiten dutenak.

Bi zatitan banatuko da esku-hartzea. Zatirik luzeenean —280 metro—, iparralderantz doan erreietako bat eta aparkaleku-lerro bat kenduko dira, espaloiak eta berdegunea handitzeko. Oinezkoentzako pasabide berriak 2,2 metro eta 2,75 arteko zabalera izango du; zuhaitz eta zuhaixkak landatuko dira aldamenean, eta 2,2 metroko zabalera izango duen bidegorria egingo.

Bigarren zatian —130 metro inguru—, bigarren erreia berreskuratuko da, trafikoa arintzeko, Santo Tomas Ibaiaren plazarekiko bidegurutzea baino lehen. Tarte horretan, oinezkoentzako eta txirrindularientzako sekzioak jarraituko du; berdegunea, berriz, estutu egingo da, nahiz eta nahikoa izango den zuhaitzak landatu eta argiteria jartzeko, trafikotik bereizteko.

Ekonomia Sustapenaren Sailak eta Espazio Publikoaren Sailak koordinatutako proiektuak orobat aurreikusten du egoera txarrean dauden 48 makalen ordez tamaina handiko beste espezie bateko 45 ale jartzea, baita hainbat espezietako zuhaixkak ere. Era berean, udal-ordenantzaren arabera hala tramitatzen duten komunitateetara sartzeko pasabideak egingo dira, eta aireko lineak lurperatuko.

2019an Jundiz eta Urartea kaleetan egindako esku-hartzeei gehituko zaizkie Gamarrako ateko obrak, zoladura konpondu baitzen orduko hartan, 700.000 euroko inbertsioa eginez. Bi industrialdeetako enpresekin adostu ziren hobekuntza haiek ere, Industria Mahaiaren bitartez.