Euskaraldiaren prestaketa lanak aurrera doaz etengabe. Dagoeneko 421 udalerrik eta 6.737 entitatek eman dute izena azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo den bigarren edizioan parte har-tzeko. Beraz, iaz baino udalerri gehiagok parte hartuko dute, eta, entitateen partehartzearekin, 25.000 arigune baino gehiago sortuko dira. Antolatzaileek oso ondo baloratu zituzten bi datu hauek atzo Baionako Herriko Etxean ospatutako prentsaurrekoan, non ekimenak Ipar Euskal Herrian izango duen zabalkundearen berri eman zuten.

Adierazi zutenez, aurtengo edizioaren berrikuntza nagusia izango diren ariguneei dagokienez, era guztietako enpresa, saltoki, erakunde eta elkarteak izango dira ariguneak sortuko dituztenak. Miren Dobaranek, Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak esan zuenez, “ariguneei esker, arnasgune naturalak eratuko ditugu ariketa hau babes handiagoarekin egiteko”. Ipar Euskal Herrian, esaterako, kanpo ariguneen bidez euskarak presentzia handiagoa izan ahalko duela nabarmendu zuten. “Euskara erabili behar dugu, bere geroa segurtatzeko modu bakarra baita. Biztanleek ikasi eta gero erabili behar dute, transmisio eta erabilera bereizi ezinak baitira”, adierazi zuen Amets Lahetjuzanek, euskararen alde Ipar Euskal Herrian lan egiten duen Euskal Konfederazioko ordezkariak.