GASTEIZ. Joan den ostiralean, irailak 11, Gasteizko Gobernu Batzarrak San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala hornitzeko zazpi kontratu berri esleitu zituen. Aurreikusita dago zentroa hurrengo udazkenean irekitzea.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak egindako kontratu hauen bitartez honakoak hornituko dira, besteak beste: aulkiak, mahaiak, apalak, armairuak, kafetegirako eta ile-apaindegirako altzariak, material elektronikoa eta osasun-parkerako ariketa-aparatuak. Guztira, 130.607 euroko inbertsioa.

San Martineko adinekoentzako zentroa udal-sareko 16. zentroa izango da, eta guztietatik handiena. 1.300 metro koadroko azalera erabilgarria izango du, hiru espaziotan banatuta:

  • Lehena, 68 m2-koa, jarduera fisikoak hartzeko prestatuko da.
  • Bigarrena handiena izango da, 740 m2-rekin, eta zentroko zerbitzu eta jarduera nagusiak jarriko dira bertan: lantegiak, prestakuntza-gela, ikus-entzunezkoen gela, ile-apaindegia, podologia, kudeatzaileen bulegoa, komunak eta langileentzako aldagela irisgarriak.
  • Hirugarren gunea 488 m2-koa da, eta bertan elkartze-aretoa, kafetegia, mediateka, hemeroteka, lantegia eta jantoki-zerbitzua egongo dira.

HITZARMENA GAO LACHO DROM ELKARTEAREKIN

Halaber, Gao Lacho Drom elkartearekin lankidetza-hitzarmena izenpetzea ere onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, Gasteizko ijito komunitateko pertsona, familia eta taldeak gizarteratzeko prozesuetan lagundu eta jarraipena egiteko programa burutzeko.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 38.748 euro bideratuko ditu proiektu honetara, zeinen helburuetako bat “emakume ijitoei bere egoera normalizatzeko balioko dieten prestakuntza, trebetasun pertsonal eta sozialak eta laneratu aurrekoak lantzeko baliabideak ematea da. Horretaz gain, balio erantsi gisa, tratu txarren eta genero-indarkeriaren egoerei heltzen die” azaldu zuen gizarte arloaren zinegotzi arduradun Jon Armentiak.