DONOSTIA. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan, adituen eskutik gogoeta egiteko eta joerak aztertzeko udako ikastaro berri bat antolatu du. Oraingo honetan koronabirusaren pandemiari ondorioei buruzkoa izango da, Etorkizuna Eraikiz izenekoa.

Covid-19k ustekabeko bira eman die gure bizitzei, eta pandemia horrek uzten dituen inpaktu guztiak identifikatzea erraza ez bada ere, Etorkizuna Eraikizen ustez, ezinbestekoa da hori egitea eta gertaera globalak ulertzea, eta agenda publikoan eta politikaren lehentasunetan dituzten tokiko ondorioak ulertzea. Aurtengo hizlari izarra Manuel Muñiz izango da, Espainia Globaleko estatu idazkaria, egungo nazioarteko eszenatokia aurkeztuko duena, bai ikuspegi geopolitikotik, bai ikuspegi globaletik. Saio honen bidez, osasun-krisiak arlo sozio-ekonomikoan eta politikoan dituen ondorioak deskribatuko dira, inpaktu horien ondoriozko erronkak aztertuko dira eta Etorkizuna Eraikiz bezalako gobernantza-eredu batek egungo egoerari nola erantzun diezaiokeen hausnartuko da.

Datorren ostiralean, irailak 4, Donostiako Miramar Jauregian egingo den ikastaroan, gaurkotasun handiko hiru gairen inguruan hitz egingo da: nazioarteko agertokia, ikuspegi geopolitikotik zein geoekonomikotik, egoera ekonomikoa eta hazkundea eta desberdintasunaren ondorioak. Etorkizuna eraikiz ikastaroa Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia eta Ikerketa arduradun Xabier Barandiaranek eta Sinnergiak Social Innovationeko zuzendari Alfonso Uncetak zuzenduko dute. Ikastaroaren buru Markel Olano ahaldun nagusia eta Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea izango dira, eta Jabier Larrañaga Ogasuneko foru diputatuak parte hartuko du.

Jardunaldia bi bloketan banatuta egongo da, eta bertaratutakoekin parte-hartzea eta elkarrizketa sustatuko da. Lehen blokean, Manuel Muñiz hizlari gonbidatuak teknologiaren gaitasun eraldatzailea eta horrek dinamika geopolitiko eta geoekonomikoetan duen eragina jorratuko ditu. Bigarren blokea, Jabier Larrañaga Ogasuneko diputatuak eta Muñizek berak zuzendua, ekoizpen-ereduetan eta ondoriozko produktu eta zerbitzuetan izandako aldaketa azkarrei buruzkoa izango da, bai eta gure ordena soziala mehatxatzen duen desberdintasun sistemikoaren zantzuei buruzkoa ere.

Egungo egoera dela eta, ikastarora joatea mugatua izango da, baina interesa duten guztiek eta hedabideek streaming bidez jarraitu ahal izango dute jardunaldia.