BILBO. Ehunka gaztek hartu dute parte Fair Saturday fundazioak pasa den martxoan abiarazitako "Pentsatzeko ipuinak" ekimenaren hirugarren edizioan. Ipuin-lehiaketa honen aurreko bi edizioak bullyingaren eta matxismoaren ingurukoak izan ziren, eta aurtengoa, aldiz, arrazakeriaren ingurukoa. Ekimen hau Bilboko Udala, Athletic Club Fundazioa eta Bilbao Aseguruen laguntzarekin garatu egin da.

Aurkezturiko haur guztiek beren kontakizunak idatzi dituzte konfinamenduan zehar (#BlackLivesMatter-en erreakzio globalak baino aste batzuk lehenago), Bilbotik eta Bizkaitik 400 kontakizun baino gehiagoko marea txiki bat sortuz, arrazakeriaren inguruan "egunerokotasunerako" irtenbideak proposatzen, salatzen eta kontzientziatzen dituztenak. 25 ikastetxe inguruk hartu dute parte ekimenean, eta aipatzekoak dira Barakaldoko Minas BHI, Bizkaia Ikastetxea, Lauaxeta ikastola eta Frantziako Lizeoa.

30 irabazleei -15 kontakizun saritu eta beste horrenbeste aipamen- egindako sari banaketa ekitaldia gaur goizean izan da San Mamesen, eta bertan izan dira Itziar Urtasun, Lankidetza eta Bizikidetzako Zinegotzia, Bilboko Udalaren izenean, baita Aitor Elizegi, Athletic Clubeko Presidentea; Juan Carlos Ercoreca, Athletic Club Fundazioko presidentea; Javier Maiztegi, Bilbao Aseguruen Zuzendari Nagusia, eta Jordi Albareda Fair Saturdayren sortzailea ere, irabazleen artean sariak banatzeko.

Sormena justizia sozialaren alde jartzeaz gain, parte hartzen duten haurrek GKE bat aukeratu dute, irabaziz gero saria jaso dezan. Horregatik, 1.500 euroko sariak hainbat gizarte-proiektutara bideratuko dira, besteak beste, SOS Arrazakeria, UNICEF edo SAVE the Children proiektuetara. Horrela, eta Fair Saturday Fundazioaren arabera, "gazteenek mundua modu batera edo bestera hobetzeko helburua duten erakundeak ikertzea eta babestea da helburua; inoiz baino garrantzitsuagoa da pertsona gazteenen artean balioen haziak ereitea, eta emaitza benetan zirraragarria da". Datozen asteetan, liburu bat argitaratuko da formatu digitalean, irabazle izan diren kontakizun guztiekin.