GASTEIZ. Pasa den ostiralean, hilak 5, Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak tranbia Salburura iristarazteko urrats berri bat eman du. Ekimen hau Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren barruan dago, eta proiektuaren fase honetan Salbururaino luzatzeko aurreikusitako trazadura egokitu eta alternatibak aztertuko dira.

2018ko abenduaren 21ean indarreko HAPOren aldaketa bat onetsi zen, tranbiaren sistema orokorraren figura txertatzeko aurretiaz zegoen linean eta Unibertsitaterako adar berrian, zein orduan proiektuan zegoen.

2019Ko ekainaren 10ean eman zitzaien behin betiko onespena «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzora arte luzatzeko informazio-azterlana. 2. Fasea» eta «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzora luzatzeari buruzko informazio-azterlana. 2. fasea. Salburua iparraldea izeneko lanean eginiko aldaketa puntuala» agiriei.

Proposatutako trazatua, oro har, bide-sarearen kalifikazioa duten lurzoruetatik doa, eta horietan bateragarria da tranbia-sarearen erabilera, baina zati batzuetan espazio librearen edo berdegunearen kalifikazioa duten espazioetan sartzen da, eta indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera erabilera hori bateraezina da.

Onetsitako aldaketaren bidez Gasteizko HAPOren araberako hirigintza arloko legezkotasunera egokitu nahi da proiektua.

Udala, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Trenbide Sarea (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailaren menpeko enpresa publikoa) elkarlanean dihardute Gasteizko tranbia Salburua auzora luzatzeko.

Tranbia Joan Karlos I.aren hiribidera ailegatuko da, auzo-elkartekoek Udalari eskatutakoa aintzat hartuta. "Gaur beste urrats bat eman dugu Salburuko biztanleen eskari historiko bati erantzuteko bidean. Proiektu inportantea da Gasteiz barrura begira hobeto konektatutako hiria bihurtzeko", adierazi du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek.

Guztira 24.834.000 euroko proiektua izango da, BEZik gabe, eta udalak 4.345.950 euro emango ditu, 2019, 2020 eta 2021 ekitaldiei dagozkienak. Foru aldundiak ere, Udalaren diru-kopuru bera emango du (kostu osoaren % 17,5). Eusko Jaurlaritzak, aldiz, finantzazioaren % 65 ekarriko du proiektura, 16.142.100 euro, hain zuzen.

Proiektuaren arabera, adar horren luzera 2,5 kilometrokoa izango da gutxi gorabehera, eta bost geltoki izango ditu: Santa Luzia, Salburuko gizarte-etxea, Nicosia, Salburua eta Joan Karlos I.aren hiribidea. Jacinto Benavente kalearekiko bidegurutzea igarota, Iliada ibilbidean zehar egingo du aurrera eta iparralderantz biratuko du, 90, Europar Batasunaren plazara heltzeko. Biribilgunea mendebaldetik inguratu eta, Brusela hiribidea gurutzatuta, Salburua bulebarrean aurrera egingo du, eta, hortik, Aerodromoko hiribidera igaroko da. Azkenik, Erroma hiribidea gurutzatu eta Joan Karlos I.aren hiribidean barneratuko da.