DONOSTIA. Koronabirusari aurre egiteko segurtasun-neurriak hondartzetara heldu dira. Oraindik ez da ezaguna noiz irekiko diren, baina Donostiako Udalak dagoeneko adierazi du uda honetan hondartzen edukiera kontrolatu duela. Hondartza-denboraldia egun berean hasiko da Gipuzkoako udalerri guztietan. Hala, badira normalean ematen diren zerbitzu batzuk auren emango ez direnak.

Marisol Garmendia Gune Publikoko zinegotziak adierazi duenez, "Uda honetan hondartzek ez dute olanarik, gabarroirik, kabina kolektiborik, igeriketa ikasteko igerilekurik eta bestelako ohiko zerbitzurik izango, eta, espazioa gehiago aprobetxatzeko eta, batez ere, osasun-arriskuak saihesteko, kentzea erabaki dugu".

AUTORREGULAZIOA ETA BAKOITZAREN ERANTZUKIZUN PERTSONALA

"Autorregulazioa eta bakoitzaren erantzukizun pertsonala izango da gakoa uda honetan", azpimarratu du zinegotziak. "Denboraldi honetan ezin izango dugu egun osoa hondartzan eman, eta lekua utzi beharko dugu beste batzuek ere eguzkia har dezaten."

Kontxakoa da, hain zuzen ere, bere baldintzak direla-eta bere funtzionamendua gehien aldatuko duen hondartzetako bat. "Itsasgoran, hondartza hustu eta itxi egin beharko da, ezinezkoa baita pertsonen arteko distantziak bermatzea", adierazi du Garmendiak, eta hiru hondartzen edukiera denbora errealean kontrolatuko duen aplikazio teknologiko bat lantzen ari direla esan du, sarbideetan kontrol neurriak hartzea ahalbidetuz. "Itsasgoran, Kontxara kirola egitera doazenak bakarrik sartu ahal izango dira, ez bainatzera eta eguzkia hartzera", esan du zinegotziak.

Denboraldi ofiziala alde batera utzita, hondartzetara astelehenean sartu ahal izango da bainatzeko edo eguzkia hartzeko, Euskadi 2. fasera pasatzen bada. Denboralditik kanpo daudenez, ez da soroslerik egongo, ezta gainerako zerbitzurik ere, eta erabiltzaileen erantzukizuna eskatuko da, erabiltzaileentzat arriskutsuak izan daitezkeen pilaketak saihesteko.