GASTEIZ. Gasteizko Udaltzaingoak deseskalatzearen lehenengo faserako ezarritako segurtasun neurriak betetzen direla zaintzeko kontrolak indartuko ditu, batez ere hiriko terraza eta berdeguneetan.

Atzo goizetik, udaltzainak hirian irekita dauden ostalaritza-establezimenduetan dabiltza, jabeei beren negozioetan nahitaez bete behar dituzten neurriei buruzko informazioa eman eta gogorazteko. Hauek dira neurri nagusiak: segurtasun distantziak errespetatu behar dira, establezimenduak baimenduta dituen mahaitxoetan baino ezin da kontsumitu, eta mahai edo mahai multzo bakoitzeko gehienez 10 pertsona egon daitezke.

"Ez dugu atzoko egoerak errepikatzerik nahi, poliziak kontrolatu arren, jendetza bildu baitzen terrazetan, eta jendea zutik ari baitzen kontsumitzen, bakarrik mahaian egitea baimenduta badago ere. Agenteek ez-betetze horiek zigortzeko agindua dute, asko baitugu jokoan. Ezin dugu arriskuan jarri orain arte egindako lan ona. Ulertzen dugu jendeak normaltasunera itzultzeko gogoa izatea, baina urrats hori zuhurtziaz egin behar dugu, eta osasunaren arloko agintarien jarraibideak aintzat hartuz beti", azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutiérrezek, gaur goizean Udaltzaingoko buruarekin gaia aztertzeko Agirrelandan bildu ondoren.

Horrekin lotuta, higiene eta prebentzio neurriak betetzen diren ere zainduko da, hala nola terrazako ekipamendua garbitu eta desinfektatzea, behin bakarrik erabiltzeko mahai-zapiak baliatzea, auto-zerbitzuko elementuak (ahozapitakoak, esaterako) kentzea, edo gel hidroalkoholikoak banatzeko gailuak jartzea bezeroen eskura.

Udaltzaingoaren arduradunak azpimarratu duenez, "tabernen jabeek eta bezeroek gogoan izan behar dituzte arauak, eta betetzen ez badira zigorrak ezar daitezkeela, baita establezimendua ixtea ere".

LEHEN ZIGORRAK

Terrazak ireki ziren lehen egunean, Udaltzaingoak 44 establezimendu ikuskatu zituen, eta horren ondorioz, 22 ohartarazpen egin ziren, eta 7 areto salatu, hainbat arrazoirengatik: terraza jartzeko baimena ez izatea (4), mahaitxoen kopurua gainditzea (2) edo establezimenduaren barruan zerbitzatzea (1).

PARKE ETA LORATEGIAK

Parke publiko eta berdeguneetan ere zorroztuko da zaintza. Izan ere, agenteak laster bizikletaz patruilatzen hasiko dira; "bizipoliak" ekainean atera ohi dira, baina oraingoan lehenago irtengo dira, covid-19ari aurre egiteko segurtasun-neurriak kontrolatu eta betearazten laguntzearren.

Horren haritik, Udaltzaingoak gogorarazi du Eraztun Berdeko parkeen sarreran plano batzuk jarri direla, horietan ere distantzia eta osasun gomendioak bete daitezen; ibilbide berdeetatik noranzko bakarrean zirkulatu beharra dago, eta hirian beti eskuinetik joatea gomendatzen da.