GASTEIZ. Aste honetan zehar, Gasteizko udal langileak hirian dauden 40.000 txorkoak soiltzen hasi ziren. Bihartik aurrera, lan horiek areagotu egingo dira, joan-etorri handieneko zonetatik hasita.

2019an eta aurreko urteetan, 6 lantalde aritu izan ziren belar-sastrakak garbitzen, apirilaren bukaeratik uztailaren erdialdera arte. Aurten, nabarmen areagotu ditu baliabide horiek Udalak. Apirilaren 27tik ari dira lanean, eta datorren astelehenetik, hau da, maiatzaren 11tik aurrera, 7 lantalde arituko dira goizez, 7 arratsaldez eta beste bat gauez, industrialdeetan. Urteko sasoi jakinetan ohikoak diren errefortzu-lan horiek direla eta, bikoiztu baino gehiago ere egingo dira beste sasoi batzuetako baliabideak, Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi Cesar Fernández de Landak jakinarazi duenez.

"Azken egunotan izaten ari garen baldintza klimatologikoekin eta udaberriaren etorrerarekin, landareak erruz hazi dira, eta, urtero bezala, espazio horiek basa-landarerik gabe uzteko errefortzu baten premia dago, baina iraunkortasun-irizpideekin eta pertsonen osasuna zainduz. Urteak dira Udalak lan horietan herbizidarik ez erabiltzea erabaki zuela, txorkoak eta lorategiak tratatzeko produktu toxikoek osasunean eragin ditzaketen ondorio kaltegarriak saihesteko, bereziki larriak izan baitaitezke alergiak, arnasa hartzeko arazoak, neke kronikoa edo gaixotasun kronikoak dituztenentzat, haurdunentzat, adinekoentzat edo haurrentzat", azaldu du Cesar Fernández de Landak.

23 sektore edo planotan antolatu da hiria, eta horietan arituko dira egunero 15 lantaldeak. Gainera, joan den astelehenaz geroztik, konfinamendua arintzeari ekin zaiolarik baimendutako paseoen ondorioz jende gehien biltzen den zonetako belar-sastrakak garbitu dira bereziki, desinfekzioekin egin bezala.

ASTEBURUETAKO BERARIAZKO DESINFEKZIO ETA GARBIKETAK

Bestalde, Ingurumen Plangintzaren eta Kudeaketaren Zerbitzuak ibilbide berriak antolatu ditu pasealekuetako zonarik jendetsuenetan berariazko desinfekzio-lanak egiteko. Besteak beste, Senda ibilbidean, San Prudentzioko igoeran, Eraztun Berderako sarbideetan —bai Salburuan, bai Zabalgana eta Lakuan—, Olarizurako sarbidean eta euskal trenbide zaharraren ibilbidean.

Lantalde horiek jende gehien ibiltzen den leku komunak desinfektatzen dituzte berariaz, bereziki paperontziak, edukiontziak eta bankuak, zein, esertzea baimenduta ez badagoen ere, paseoetan atsedena behar duten pertsonek erabiltzen baitituzte.

Ibilbide horiek egunero desinfektatuko dira, ostiraletik igandera. Hiriko gainerako lekuetan programatutako desinfekzioek ere jarraitzen dute, bereziki ospitaleetan eta osasun-zentroetan, tren- eta autobus-geltokietan eta zailtasun orografikoak dituzten eremuetan, non jendeak eskudelak erabili behar dituen —hirigune historikoan, adibidez—, Gasteizko auzoak ahaztu gabe, horietan astero programatutako desinfekzioak egiten baitira.