TOLOSA. Koronabirusaren krisialdiak herrian eragindako kalteak arintzeko helburuarekin, Tolosako Udalak 'Tolosa Suspertu' izeneko kanpaina jarri du martxan. Ekimen honekin jendeak herriko denda eta establezimenduetan eros dezan lortzea lortu nahi da.

Era berean, udala aurtengo aurrekontua behar eta lehentasun berrietara berregokitzen ari da, eta 2019ko likidazioa egiten, udalak eskura dituen baliabide guztiak Covid-19ak utzitako ondorio sozio-ekonomikoei aurre egitera bideratzeko. Erakundeek ere abian jarritako laguntzak aztertzen ari udala horiek osatzeko helburuarekin, herritarrei erantzun integrala emateko; martxan jarritako neurriak eraginkorrak izan daitezen epe motzera eta baita epe ertainera ere.

Suspertze planak hiru ardatz nagusi izango ditu: soziala, ekonomikoa eta kulturala. Alkateak adierazi duenez, "gizarte-babesa bermatzen jarraituko dugu orain arte bezala, eta lehentasunezkoa izango da, baita ere, suspertze ekonomiko eta kulturala; izan ere, gure udalerria, ekintzen faktoria bat da, kultura-aberastasun izugarria dugu eta hainbat eta hainbat jarduera eta ekimen egiten dira urte osoan zehar eta horiek eragin zuzena eta erabat onuragarria dute gure hiri ekonomiaren ekosistema osoan”. "Zentzu horretan, Suspertu Tolosa kanpaina abiarazi dugu, herritarrekin elkarlanean, Tolosa berriz ere martxan jartzeko eta kanpaina honen baitan kokatuko ditugu datozen aste eta hilabeteetan esparru eta sektore desberdinei lotuta jorratuko ditugun ekintza guztiak” gaineratu du Peonek.

Krisi honek gogor kolpatu ditu arlo soziala eta baita ekonomikoa ere, eta modu berezian eragin die gainera, tokiko merkataritzari eta ateak itxi behar izan dituzten negozio guztiei. Horregatik, kanpainako lehen ekintzak establezimendu horiei guztiei laguntza eta bultzada ematea du helburu.

TOKIKO DENDETAN KONTSUMITZEKO BONUAK

Tolosako Udalak, Tolosa&Co elkartearekin lankidetzan, Suspertu Tolosa proiektuaren pean, erosketa-bonuak jarri ditu abian, helburu bikoitzarekin: Tolosako herritar eta familiei laguntzea eta tokiko kontsumoa sustatzea, herritarren artean kontsumo kontzientzia bultzatzeko helburuarekin. Aurrez ordaintzeko bonuak dira, epe motzera, merkatari eta zerbitzu-establezimenduei diru-sarrera bermatzeko, tokiko saltokiek hasieran izan dezaketen likidezia faltari aurre egiten laguntzeko. Beraz, proiektuaren lehen ekintzak tokiko merkataritzan eta zerbitzuetan jarriko du arreta eta udalak 80.000 euro bideratuko ditu lehen ekimen horretara. Epe motz-ertainera, bonu horien salerosketarekin 240.000 euroko inpaktu ekonomikoa sortzea aurreikusten da.

IZEN EMATEA

Parte hartu nahi duten saltoki eta zerbitzu guztiek izena eHman beharko dute suspertutolosa.eus webgunean maiatzaren 7a baino lehen.

Parte hartzen duten saltokiek ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, hala nola Tolosan gutxienez establezimendu bat izatea, alarma-egoeran itxita egon edo fakturazioa gutxienez %75 murriztu izana eta zehaztutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epiigrafeen barruan egotea eta 15 langile baino gutxiago izatea.

Bonuak maiatzaren 8tik aurrera jarriko dira salgai, eta erosketa egiterakoan, bezeroak bonua zein dendatan gastatu nahi duen adierazi behar du. Hiru bonu mota egongo dira: 10, 20 eta 30 eurokoak, eta Tolosako Udalak beste 5, 10 eta 15 euro gehituko dizkie horiei. Beraz, establezimenduetan gastatuko den zenbatekoa 15, 30 eta 45 eurokoa izango da.