DONOSTIA. Koronabirusa dela eta, garraio publikoko erabiltzaileak segurtasun-tartea mantendu dezaten, Donostiako Udalak Dbusen autobusak egokitzea erabaki du. Horrela, 18 metroko luzera duten lau autobus artikulatu berri jarri ditu zerbitzuan.

Autobus berriak pasa den urtean flotan sartu ziren 18 metroko azken autobusen berdinak dira, baina nobedade garrantzitsu bat daukate. Autobusen erdiko aldean gurpildun aulkietarako eta haur aulkietarako erreserbatuta dauden hiru leku daude, gune horretan leku gehiago eskainita.

Hiru lekuak behar bezala seinaleztatuta daude eta aldi berean autobus horiek seinale bat daukate aurreko aldean zein erdiko atean, erabiltzaileek kanpotik identifikatu ahal ditzaten. Autobus artikulatuak 2 edo 3 leku dituen adierazten du pegatina horrek.

  • Gaur egun, Dbusek dituen 12 eta 18 metroko autobusek gurpildun aulkietarako eta haur aulkietarako erreserbatutako bi leku dituzte erdiko gunean.
  • Gurpildun aulkian edo haur aulki batekin sartzen diren erabiltzaileak erdiko atetik sartzen dira, eta erdiko plataformaren gunean makina balioztatzaile bat daukate.
  • Mikrobusen kasuan, leku bakarra dute gurpildun aulkietarako eta haur aulkietarako erreserbatuta.
  • Hemendik aurrera, flotan sartuko diren autobus artikulatu berrietan haur aulkietarako leku berri hori gehituko da apurka-apurka.

KALEKO ITURRIEN ITXIERA

Donostiako Udalak hiriko isurbideak ixtea erabaki du, segurtasun higienikoko neurri gisa.

Marisol Garmendia Espazio Publikoko zinegotziak adierazi duenez, "Haurrak kalera irten daitezkeen honetan, edateko uraren kalitate arazoak ekidin nahi ditugu. Iturri horietako askok asteak daramatzate ia erabili gabe, eta gutxi erabiltzeak arazoak eragin ditzake. Gainera, haurrak iturrietara hurbiltzen dira eta edaten dutenean txorrotak ukitu ditzakete ahoarekin edo eskuarekin; beraz, kutsadura-foku potentziala izan daitekeela uste dugu ".

Etxeko ura botilaratuta eramatea eta ontzia ohiko edukiontzi horietara botatzea gomendatzen da.